«Jainkoagatik eta Espainiagatik eroritakoei hilarria», dio Gorrebustoko (Oion, Araba) elizaren sarreran den plaka batek, eta 36ko gerran frankisten alde aritutako zortzi herritarren izen-deiturak daude jarraian. Espainiako Memoria Demokratikoaren kontrakoa dela iritzi dio Oiongo PSE-EEk, eta jakinarazi du hura kentzeko eskaera egingo duela udalean.
Oscar Laiana zinegotzi sozialistak azaldu duenez, herriko parrokoak agindu zuen oroitarria ezartzeko. Laianaren esanetan, baina, legearen kontrakoa da, eta, beraz, ez luke hor egon behar: «Memoria Demokratikorako Legearen eta balio demokratikoen kontrakoak izan daitezkeen elementurik gabeko espazio publikoen sustapenaren aldeko konpromisoa berretsi nahi dugu».
Oiongo Udalean zinegotzi bakarra du PSE-EEk. Gaur egun, alkatetza EH Bildurena da. Koalizio subiranistak bost eserleku ditu udalbatzan; EAJk, hiru, eta PPk, bi.