EAJko eta PSEko zuzendaritzek EAEko alkateen inbestidura saioetarako eginiko akordioaren ostean heldu da, hiriburu edo aldundien kasuan, Bilbokoaren ondorengo ituna: Donostiakoa. «Hiri plural baten aldeko apustu irmoa da, garapenaren aldekoa, ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordiotik proiektu eta erronka estrategikoak gauzatuko dituena, ez alde bakar batez, ezta inposizioz ere», dio ituneko sarrerako pasarte batek. Lau urtekoa da ituna, legealdi osokoa.
Eguerdian izan da hori. Iluntzean, azken orduan, aldiz, Gipuzkoako Aldundirako jeltzaleek eta sozialistek aurreakordio programatikoa itxi dutela jakinarazi dute, ohar baten bidez. Azken asteetako elkarlanak «fruitua» eman duela diote bertan, eta aurreakordioak zazpi ardatz dituela: politika fiskal eta finantzieroa; hondakinen kudeaketa; politika soziala; ekonomiaren suspertzea eta enplegua; mugikortasuneko azpiegiturak; gobernu ona; eta kultura eta euskara. Hilaren 24an aurkeztuko dute akordioa, bezperan egingo da Markel Olano ahaldun nagusi hautatzeko saioa.
Donostian, atzoko ekitaldian, EAJk eta PSEk esan zuten «aldaketa nabarmena» egin behar dela agindu dutela bozek. Hitzarmenean ez dituzte alferrik erabiligarapena, eraikitzailea, sendoa, partekatua eta lidergoa hitzak. «Hiria garatzeko eta aurrera egiten jarraitzeko beharrezko bultzada eraikitzailean, udalarekin batera, eragile sozialek, ekonomikoek, kulturalek, kirolekoek eta hiritarrek bidelagun aktibo izan behar dute. Lidergorako gaitasuna duen gobernua nahi dugu».
Ernesto Gasco PSEko kidea da lehen alkateordea —Goiak eta biek sinatu dute udal hitzarmena—, eta Miren Azkarate EAJkoa bigarren alkateordea. Azkaratek berak hartu du Donostia 2016 egitasmoaren ardura. Hirigintza eta Sustapen Ekonomikoa batzordeak PSEren esku geratu dira; Enrique Ramosen eta Gascoren esku, hurrenez hurren. «Gobernuzabala da, sendoa, Donostiak aurrera egin dezan. Hitz bitan: gehiengoaren gobernua hiritarrentzat, gobernu plurala plurala den hiriarentzat». 27 udal hautetsietatik hamasei dauzkate bi alderdiek: EAJk bederatzi, PSEk zazpi. Oposizioan dira EH Bildu (sei), PP (hiru) eta Irabazi (bi).
Lau ardatz
Udal gobernu berriaren konpromisoak lau ardatz dauzka, hitzarmenean azpimarratu dutenez: lanpostuen sorrera sustatzea, eta aurrerapen ekonomikoa eta soziala —sustapen ekonomikorako udal arlo handi bat eratuko dute, estrategia bateratu bat ezartzeko asmoz, eta harekin zerikusia duten alorrak eta erakundeak bateratuz—; gizarte kohesioa, bizikidetza eta elkartasuna; gobernatzeko era berria —gardentasuna, kudeaketa eraginkorra eta herritarrekiko erantzukizun partekatua—; eta pluraltasun kulturala, euskara eta hizkuntz aniztasuna.
«Lehentasuna» eman diote 2016ko Europako Kultur Hiriburutzari, «proiektu kolektibo garrantzitsuenetako baten zutabe nagusia» delakoan. «Ezinbestekoa da donostiarrak berriz ere inplikatuak eta ilusionatuak sentitzea proiektuarekin eta haren parte izatea». Udalak jakinarazi du berak hartuko duela egitasmoko fundazioaren lidergoa.
Proiektu zehatzen artean, Kristina Enea parkeak Tabakalerarekin eta haren inguruarekin bat egin dezan nahi dute; Saguesen Monpasera pasagune bat egiteko xedea daukate; Donostialdeko Metroko geltoki berriak egin nahi dituzte; Karlos I.aren hiribideak sortzen duen «hesia» betiko ezabatuko dute; Amara auzoaren biziberritze integrala bultzatuko dute, eta Anoetako estadioa eta miniestadioa birmoldatuko; Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Batzordea sortuko dute; Altzakoa izango da hiriko lehen barrutia, eta Igeldo udal auzo izan dadin nahi dute, ez udalerri.
Udal berriarekin batera bada berria: Aste Nagusian berriro zezenketak egongo dira —abuztuaren 13, 14, 15 eta 16an—, atzo Chopera enpresak baieztatu zuenez.
Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena
Gorpuzten ari da EAJ eta PSEren ituna
Donostiako udal agintaldiko hitzarmena sinatu dute Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco alkateordeak.Aldundirako ere aurreakordio programatikoa hitzartu dutela jakinarazi dute alderdiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu