Gorputzen burujabetzaz, autodeterminazioaz eta subiranotasunaz —edo haien faltaz— gogoetatzen aritu ziren atzo Donostian dozenaka pertsona. Hain zuzen, Bilgune Feministak antolatuta, Gorputzen Burujabetzaren I. Topaketa egin zuten Tabakaleran.
Mahai inguruetako batean, Gorputzen burujabetza. Nondik eta nora deiturikoan, Mer Gomez aktibista intersexualak eta Tal Madesta aktibista transexualak parte hartu dute, eta Danele Sarriugarte idazle eta kazetariak egin ditu gidari lanak. Hasiera-hasieratik argi mintzatu da Madesta: «Ez daukagu gure gorputzen gaineko subiranotasunik». Intersexualen kasuan ere halatsu dela uste du Gomezek: «Azken hamarkadetan ez dugu subiranotasunik izan gure gorputzen inguruan; ezta behin ere: gure ordez erabaki dute». Ñabartu du gaur egun «despatologizazio prozesu baten ostean» iritsi direla subiranotasun hori «pixka bat» lortzera. Aurretik, baina, intersexuala izatea zer den esplikatu du: «Ezaugarri sexual batzuekin jaiotzen gara —kromosomak, genitalak, hormonak...—, eta horiek ez dute bat egiten bi arketipo estetiko horiekin —gorputz maskulinoak edo femeninoak—, eta, horregatik, gure gorputzak patologizatu eta diagnostikatu egin dira, eta medikalizazio prozesu oso bat jasan dute».
Patologizazio horixe izan dute bizipenetako bat. Hala azaldu du Madestak: «Patologizatutako espazio batean kokatzen gaituzte etengabe». Eta gogoratu du buru gaixotasuntzat ere hartu izan dela. Gomezek: «Emakumeago izateko edo emakume itxura handiagoa edukitzeko —edo gizon, kasu bakoitzaren arabera—, oso ohikoa da hormonak, gorputz aldaketak eta halakoak errezetatzearekin batera isiltasuna ere errezetatzea». Eta ondorioak ditu horrek: «Horrek berekin zekarren tabu bat izango balitz bezala bizitzea dena, eta beste pertsona batzuekin kolektibizatu ezin izatea».
Batak zein besteak hizpide izan dute indarkeria ere. Gomezek osasun sistemak emandako tratua izan du bereziki hizpide. Transexualen egoerarekin alderatu du: «Adin txikiko intersexualekin, haurtxo intersexualekin, zenbait protokolo martxan jartzen dituzte, hormonazioak, genitalen mutilazioak, aldaketak eta abar dakartzatenak. Hori gure gorputz osasuntsuen aurka egiten da, arketipo horietan ez sartzeagatik. Nolako kontraesana den hainbeste arazo egotea adin txikiko transexualek edo pertsonek egiten diotenean eskaria sistema klinikoari». Nabarmendu du mahai gainean jarri behar dela genitalak mutilatzen dizkietela haurtxo jaioberriei: «Hori egiten jarraitzen dute. Eta egiten jarraitzen dute hemen, EAEn, Euskal Herrian, Espainiako Estatuan...». Gogorarazi du ume horiei ez dietela beren gorputzaz erabakitzen uzten, eta, gainera, kasu batzuetan familiek berek ere ez dutela jakiten hori egin dietenik.
Madestari ere iruditzen zaio «borroka asko» dituztela komunean. Eta bat egin du Gomezek esanarekin: transexualek «zailtasunak» dituzte trantsizioa egiteko garaian: «Esaten da trantsizioa irisgarria dela, eta hori ez da horrela; zerbitzu publikoak ez dira egokitzen trans pertsonetara». Besteak beste, aipatu du osasun sistema publikoan itxaron zerrendak «ikaragarriak» direla: «Guk ezin dugu hamabi edo hamahiru urte itxaron trantsizioa egiteko».
Egindakoez eta egitekoez
Ezinez eta egitekoez ez ezik, lortutakoez eta erronkez ere aritu dira. Gomezek, esaterako, esan du lortu dutela erreferente eta erreferentzia gehiago egotea: «Esfortzu handi bat egiten ari gara gero eta erreferentzia gehiago egon daitezen ez dutenak klinikoaz hitz egiten, baizik eta esan dezatela hor gaudela: elkarteak gaudela, gure diskurtsoak etxeetara irits daitezela...». Zenbaitetan ezjakintasuna baitago oraindik: «Jende asko dago hau zer den ez dakiena. Izan ere, sexu-genero sistemaren sustraietara jotzeak eta sexua zalantzan jartzeak sistema ezarriaren eta sistema oso binario baten zimenduak puskatzen ditu». Gainera, erronkatzat dauka pertsona arrazializatuengana edo beheko klase sozialetakoengana ere iristea.
Madestak, berriz, azaldu du, adibidez, 2016tik Frantziako transexualek ez daukatela ezinbestean esterilizatu beharrik. Eta aurrera begira, zer? «Gure gorputzen gaineko autonomia berreskuratu behar dugu».
Gomezena, Madestarena eta Sarriugarterena ez da izan topaketetako saio bakarra: Jule Goikoetxea eta Mijo Lizarzaburu gorputzaz eta materialismoaz aritu dira; Eva Perez, Lizar Begoña eta Elena Olabe, berriz, «lerro arteko disidentziaz».
Gorputzen burujabetza eza, argitara
Bilgune Feministak Gorputzen Burujabetzaren I. Topaketa antolatu du. Transexualek eta intersexualek beren gorputzaz erabakitzeko dituzten oztopoez aritu dira, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu