Gorpu bat atzeman dute Aturri ibaian

France Bleu irratiaren arabera, otsailaren 21ean desagerturiko gizonaren gorpua da.

Aturri ibaia 2022an, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Aturri ibaia 2022an, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2025eko martxoaren 4a
10:47
Entzun

Gorpu bat atzeman dute gaur goizean Aturri ibaian, Baionako Marines etorbidetik hurbil. Suhiltzaileak, jendarmeak eta polizia zientifikoa bertaratu dira ur gainean atzemaniko gorpua aztertzera.

France Bleu irratiaren arabera, inkestagileek baieztatu dute gorpua otsailaren 21ean Baionan desagerturiko gizonarena dela. Izan ere, zehaztu dute Petrolette ostatuaren ondoan ikusi zutela 34 urteko ostalari bretoia azken aldiz. Poliziak Baionako zentroa miatu eta familiak desagertzearen berri eman ondotik, San Izpiritu zubiko bideozaintza kamera batean ikusi zuten zubiko hesia istapeka iragan zuela.

Otsailaren 23an eta 24an ostalariaren desagerpena seinalatu ondotik, familiak eta lagunek Aturri eta Errobi ibaien bazterrak miatzeko deia zabaldu zuten sare sozialetan. Hildakoaren emazteak France Bleu irratiari kontatu zionez, otsailaren 21ean senarrak dei egin zion goizeko oren batean, desagertu aitzin, erranez eraso egin ziotela eta laguntza behar zuela. Senarraren sakelako telefonoaren lokalizazioari esker bertaratu zen emakumea, baina ez zuen senarra aurkitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.