Bostehun euroko isuna eta hilabeteko kartzela zigorra, gibelapenarekin. Zigor hori ezarri dio Baionako Auzitegiak Gorka Torreri, Donibane Garaziko eta Izpurako (Nafarroa Beherea) hainbat osasun etxetan euskararen aldeko margoketak egitea leporatuta. Epaimahaiaren aitzinean euskaraz mintzatu ahal izateko itzultzaile bat izatea errefusatu dio epaileak. Ondorioz, auzi gelatik atera eta auzian parte hartzeari uko egin dio Torrek.
Ikusi gehiago
13:45erako deitua zuten Torre Baionako epaitegira, eta hari babesa ematera bildu dira hainbat herritar eta euskalgintzako eragileen ordezkari andana. Auzitegi gelara sartu aitzin, Torrek salatu du Frantziako Estatuak euskararentzat inposatzen duen legediak «etorkizunik gabe» uzten duela hizkuntza. «Euskara zapaltzen dute, eta ez digute posibilitaterik ematen gure egunerokoan euskaraz bizitzeko. Hori da gaurko mezua: euskara zapaldua den tokietan, desobedientzia eta intsumisioa».
Zapalkuntza hori agerian gelditu da auzitegi barnean ere. Epaimahaiaren aitzinera agertzean, Torrek euskaraz egin die agurra, eta itzultzaile batekin aritzeko eskaera egin du Maritxu Paulus Basurko abokatuak, baina berehala eman dio errefusa epaimahai buruak. Argudioak azaltzeko aukera eskatu dio abokatuak, baina behin eta berriz moztu dio hitza, «labur» aritzeko eskatuta, eta ez dio bukaeraraino joaten utzi.
Paulus Basurkok esplikatu du Frantziako Konstituzioko 75-1 artikuluak ondare gisa onartzen duela euskara, eta Euskal Hirigune Elkargoak ere lurraldeko hizkuntza gisa izendatua duela. Halaber, Frantziak sinatu bai baina berretsia ez duen Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna ere aipatu du, eta oroitarazi du Ipar Euskal Herriko hainbat herrik bere egin duela azken urteetan. Azkenik, 1989an Kasazio Auzitegiak hartutako erabaki bat ere izan du hizpide, alsaziar batzuei baimena eman baitzien epaitegian alsazieraz deklaratzea.
«Harritzen nau, epaile anderea, azalpenak entzun aitzin eskaerari ezezkoa emateak», adierazi du. Hizkuntza gutxituen eskubideak betetzeko baliabideak badirela erran du, bakoitzak bere hizkuntza erabil dezan. Prokuradoreak ere uko egin dio euskaraz aritzeko aukerari, prozedura guzia frantsesez egin dutela adierazita. Luze gabe berretsi du erabakia epaileak. Torrek adierazi du euskaraz mintzatzeko aukera ukatzen bazioten ez zuela auzian parte hartuko, eta frantsesez defentsarik ez egiteko eskatu dio abokatuari. Ondoren, auzi gelatik atera da.
DNA aztarnak
2023ko irailean egin zituen margoketak Herribiltzak, eta agiria bidali zioten Donibane Garaziko Herriko Etxeari. Talde horretako kide gisa ezagutua delako, komisariara deitu zuten Torre, eta margoketak egin izana onartu zuen, baina uko egin zion hatz markak eta DNA aztarnak emateari.
Prokuradoreak erran du Torre ezaguna dela eta lehenago ere egin dituela gisa bereko ekintzak. Hala, erran du beharrezkoa zela bere aztarnak hartzea, etorkizunean beste arau hauste batzuk eginen balitu identifikatua izan dadin. Hala, margoketak egiteagatik 500 euroko isuna ezartzeko eskatu du, eta DNA aztarnak eta hatz markak emateari uko egiteagatik hilabeteko kartzela zigorra, gibelapenarekin —bost urteko epean gisa bereko arau hausterik egin ezean, ez luke zigorra bete beharko—.
Paulus Basurko abokatuak ohartarazi du erakunde publikoetan euskararen erabilpena sustatzea zela Herribiltzaren ekintzaren helburua, eta deitoratu du epaitegiak eztabaida hori egitea ukatu diola. Ez du ekintzari buruzko defentsarik egin, baina hainbat azpimarra egin ditu aztarnak ematearen errefusari buruz. Izan ere, Torrek Poliziaren aitzinean egindako adierazpenak dira hura auzipetzeko arrazoi bakarrak: «Ez dago beste elementurik».
Jurisprudentzia aipatu du Paulus Basurkok. Orain dela urte batzuk, Baionako Auzitegian hasitako Jean Mixel Aizagerren afera oroitarazi du. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Frantziaren kontra egin zuen DNA arrastoak hartzeari buruz. Gerora, Parisko Kasazio Auzitegiak adierazi zuen proportzionaltasunez neurtu behar dela noiz hartu. Hori kontuan hartuta, erran du Torreren kasuan gehiegizkoa zela aztarnak eskatzea.
Omenaldia euskal militanteei
Auzitegi kanpoaldean, Torrek hitza hartu du Herribiltza taldearen izenean, sostengua ematera etorritakoen aitzinean. «Auzipetzen gaituzte euskararen zapalkuntza salatzen dugulako, baina auzitegiak berak euskara zapaltzen du». Frantsesez deklaratzeari uko egin diotela azaldu, eta «intsumisiorako» deia egin du: «Euskal Herrian euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua izatea ez dugu onartu behar. [...] Euskara lehentasunez erabiltzearen alde borrokatu behar dugu».
Euskarari ematen zaion presentzia urriaren ondorioz, hizkuntza hiltzen ari dela salatu du Torrek. «Frantziako Estatuko agintariek Euskal Herrian merke erosi dute bake soziala; euskararentzat porroskak ematen dizkigute, eta horrekin lokartzen gara». Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu du, eta euskal herritarrei eta eragileei dei egin die lehentasunez euskaraz aritzeko.
Hainbat militanteri omenaldia egiteko ere baliatu nahi izan dute. Duela 44 urte, Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz IK erakundeko militanteak hil ziren Baionan gaurko egunez, eta, duela 39 urte, Ramon Basañez Jauregi eta Jose Luis Calderon euskal errefuxiatu politikoak tiroz zauritu zituen GALek Ziburun (Lapurdi). «Besteak beste euskararen alde borrokatzen ziren militante haiek omendu nahi ditugu, eta gogoratu nahi dugu haien heriotzen eta zauritzeen arduradun nagusiak Espainiako eta Frantziako Estatuko orduko agintariak direla».
Parisko Komuna ere hizpide izan dute, 1871n martxoaren 26 batez hautatu baitzuten Parisko Komunaren gobenua hauteskunde bidez. Hortik hilabete batzuetara, komuna suntsitu zuten Versailleseko tropek, eta 20.000 iraultzaile hil. «Ondoren ezarritako epaitegi antidemokratikoetan, milaka iraultzaile deportaziora edo presondegira kondenatu zituzten, tartean 25 euskaldun. Gaurko epaitegiak garai hartakoen ondorengoak dira, antidemokratikoak. Demokratikoak balira, epaitegi herritarrak lirateke, eta Euskal Herrian epaiketak euskaraz egingo lirateke».