Gorka Torrek ez ditu ordainduko eman dizkioten isunak

Diru bilketa abiatu dute EHErekin, gastu judizialak ordaindu eta euskararen aldeko kanpainen gastuak ordaintzeko. Hitzaldi bira bat iragarri dute.

Gorka Torre, artxiboko argazki batean. PATXI BELZAIZ
Gorka Torre, artxiboko argazki batean. PATXI BELZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko urriaren 25a
10:38
Entzun

Nafarroa Behereko EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak iragarri du Gorka Torre Rocak ez dituela ordainduko Baionako Auzitegiak ezarri dizkion isunak. Bi aldiz epaitu eta zigortu dute aurten, euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketa salatzeko ekintzak egitea leporatuta. Intsumisiorako deia eginez, dirua biltzeko kanpaina bat abiatuko dutela iragarri du EHEk, gastu judizialak ordaintzeko, eta euskararen aldeko kanpainak antolatzeko; zehazki, «euskara zapaldua den toki orotan ‘Euskaraz lehentasunez’, ‘Geldi euskara zapaltzea’ eta ‘Justizia euskararentzat’ idazteko tindua erosteko».

Martxoan izan zuen lehen epaiketa Torre Rocak, 2023ko irailean Herribiltzak euskararen alde egindako margoketa batzuengatik. Hilabeteko presondegi zigorra eman zioten, gibelapenarekin, eta bostehun euroko isuna ordaintzera zigortu zuten. Dei egin zion auziari. Irailean berriz epaitu zuten, Baionako suprefeturan margoketa egin eta frantses hutsean idatzitako hainbat bide seinale kentzea leporatuta. 3.268 euroko isuna eman zioten denera.

Bere kontrako bi epaiketetan euskaraz deklaratzeko eskubidea eskatu zuen Torre Rocak, baina epaileak uko egin zion; auzi gelatik atera, eta epaiketan ez parte hartzea erabaki zuen auzipetuak.

EHEk, bidalitako oharrean, goraipatu du belaunaldi ezberdinetako euskaltzaleak elkartu zirela euskararentzat justizia eskatu eta Torre Rocari elkartasuna adierazteko: «Ikasleei baxoa euskaraz pasatzea debekatzen zaiela salatu genuen, eta Frantziako legedia euskararen zapaltzailea dela erakutsi genuen».

Ondoko asteetan elkartasun kanpaina bat abiatuko dute, dirua bildu eta «euskararen zapalkuntzaren aurrean intsumisioa garatzeko». Euskararen zapalkuntzari intsumisioa lelopean, hitzaldiak eginen dituzte, eta tokian tokiko euskaltzaleek elkartasun ekitaldiak antolatuko dituzte.

HITZALDIAk

  • Urriak 25, 19:00, Aldaka gaztetxea (Donapaule): hitzaldia eta elkartasun afaria.

  • Azaroak 8, 19:00, Enbata gaztetxea (Hendaia): hitzaldia eta elkartasun pintxoak.

  • Azaroak 13, 19:00, Epaiska (Baiona): hitzaldia eta elkartasun pintxoak.

  • Azaroak 22, 19:00, Menta liburu denda (Ortzaize): hitzaldia eta elkartasun pintxoak.

  • Azaroak 29, 19:00, Espelletenia (Larzabale): hitzaldia eta elkartasun hanburgerrak.

  • Abenduak 6, 19:00, Zinka (Maule): hitzaldia eta elkartasun kontzertua.

  • Abenduak 19:00, Ttattola gaztetxea (Hazparne): hitzaldia, elkartasun pintxoak eta kantuak.

  • Abenduak 21, Garaziko gaztetxea (Donibane Garazi): hitzaldia eta elkartasun kontzertua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.