Herribiltzak jakinarazi du Gorka Roca Torre auzipetu dutela iazko irailean euskararen aldeko margoketa batzuk egitea leporatuta. Auzipetze aginduaren arabera, atxilotu zutenean bere nortasuna, hatz markak eta DNA emateari uko egin izana ere leporatzen diote militante euskaltzaleari. Martxoaren 26an epaituko dute, Baionako auzitegian.
Irailaren 21ean eta 27an margoketak egin zituen Herribiltzak Izpurako (Nafarroa Beherea) eta Donibane Garaziko zenbait osasun etxetan. Unescoren izenean izenpetu zituzten, euskara munduko ondare kulturala dela aldarrikatzeko. «Unescok dio funtsezkoa dela munduko ondare kulturala babestea, eta gaur egun eraso egiten zaiola aniztasun kulturalari. Frantziako eta Espainiako estatuetako agintariek Unescoren helburuen aurka egiten dute: euskarari erasotzen diote, eta hura hiltzen ari dira», adierazi zuten.
Urrian, gisa bereko ekintza bat egin zuen Herribiltzak: hainbat eraikinetako Unescoren plakak kendu zituzten, eta salatu zuten «zentzugabea» dela Euskal Herriko ondare kultural materiala babestea eta aldi berean euskara ez babestea.