Gorka Sueskun, Iker Araguas eta Ibai Azkona, kale erasoekin lotura dutelakoan lehengo asteazkenean Espainiako Poliziak Iruñean atxilotu zituen gazteek torturak jaso izana salatu dute, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur esan duenez. Ia astebetez inkomunikatuta eduki zituzten, eta preso daude orain.
Euren etxeetara miaketetara eraman aurretik, denbora batez polizia-etxean izan zituzten "eta hor egin zizkieten aurreneko kolpeak eta mehatxuak".
Hurrengo egunean Madrilera eraman zituzten, "bidaia osoan oso postura desatseginetan", AAMren arabera. "Gorkari bidaian bertan poltsa jarri zioten buruan, arnasik gabe utziz, eta kolpeak eman zizkioten. Ibai burua hanka tartean eramatera behartu zuten, eta barrabiletatik heldu eta estutu egin zizkioten".
Galdeketa luzeak egiten zizkietela salatu dute, "eta eskuekin hainbat aldiz kolpatu zituzten; batez ere, buruan, sabalean eta barrabiletan. Flexioak egitera ere behartu zituzten. Buruan boltsa jartzen zieten. Ikerri iletik tira zioten behin eta berriz eta elektrodoak jartzeko mehatxu egiten zioten".
Gorka Sueskunek, Iker Araguasek eta Ibai Azkonak epailearen aurrean salatu zuten beharturik eta torturen ondorioz egin dituztela deklarazio polizialak.
Hain zuzen, Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen operazioa, eta hiru haiek espetxera bidali zituen asteburuan, Sote del Realera (Espainia). Mikel Flamarike ere atzeman zuten orduan, Barañainen (Nafarroa), eta epaileak aske utzi zuen, astero epaitegira sinatzera joateko baldintzarekin eta Espainiako mugetatik ateratzeko debekuarekin. Tratu txarrak jasan zituela zioen Flamarikek.
Joan den astelehenean Iñaki Marin Mercero, Diego Javier Octavio Martikorena, Mikel Marin Irurozki eta Iker Aristu ere atzeman zituen Espainiako Poliziak Iruñean, gauza bera egotzita. Oraindik inkomunikatuta dituzte. Abokatuak hainbat neurri eskatu ditu: atxiloketako aldi guztia bideokamaraz grabatua izan dadila, haien senideek jakin dezatela non dauden eta zein egoeretan, eta konfiantzazko medikuarekin egoteko aukera izan dezatela. Ez dio jaramonik egin Fernando Andreu guardiako epaileak.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hori guztia salatu du. "Espainiako Poliziak euskal herritarrak atxilotu, Madrilera eraman eta bortizki torturatu ditu berriro. Rubalcaba eta Zapaterok bortxarik basatiena erabiltzen dute euskal herritarren aurka, independentziaren aldeko borroka amaitzeko". ETB kritikatu du AAMk, "Rubalcabaren bertsioari bozgoragailu ezin hobea ipini diolako".
Atxiloketak
Gorka Sueskunek, Iker Araguasek eta Ibai Azkonak torturak jaso izana salatu dute
Iruñeko gazteak lehengo astean atzeman zituen Espainiako Poliziak, kale erasoekin lotuta, eta atxilotuta egon diren garaian poltsa jarri dietela, buruan kolpeak jaso dituztela eta abar esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu