Gorka Mayo presoa libre utzi dute, 10.000 euroko bermea ordainduta

2011ko urtarrilean atxilotu zuten, Iruñean, Ekinen eta AAMren aurkako polizia operazio zabalean

Gorka Mayo Txelui Morenorekin batera, 2011ko urtarrilean Iruñean egindako prentsaurreko batean. I. URIZ / ARP.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Gorka Mayo euskal presoa aske utzi zuten atzo, 10.000 euroko bermea ordainduta. 2011ko urtarrilean atxilotu zuten, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Ekinekin eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduarekin lotuta Nafarroan eta Araban egindako operazioetan. Ekin erakundeak desegiteko erabakia hartua zuen ordurako —2011ko urtarrilaren 1ean desegin zen—. Fernando Grande-Marlaska epaileak aginduta egin ziren atxiloketa horiek; orotara, hamar lagun atzeman zituzten. Horietatik lauk—Iker Moreno, Miguel Angel Llamas, Gorka Zabala eta Patxi Arratibelek— preso jarraitzen dute oraindik.

Epaileak kartzelatu zuenetik, Espainiako espetxe ugaritan sakabanatua egon da Mayo, eta atzoSoto del Realeko kartzelatik irten zen. Gau partean zen iristekoa Bidaurretara (Nafarroa), eta bertako auzokideak harrera egitekoak ziren. Aurretik ere, Barañainen ongietorria egin behar zioten.

Inkomunikatuta egon zenean polizien eskuetan «tortura latzak» jaso zituela salatu zuen Mayok, eta salaketa bera egin zuten Iñigo Gonzalez, Gorka Zabaleta eta Patxi Arratibel atxilotuek ere. Mayok salatu zuen presio psikologikoak, mehatxuak eta galdeketa luzeak jasan zituela. Galdeketak politikoak izan zirela jakinarazi zuen; besteak beste, egoera politikoaren ingurukoak eta ezker abertzalearen apustuaren ingurukoak. Adierazi zuen fisikoki ez zutela ukitu.

Atxilotua izan aurretik, Txelui Morenorekin batera lan egin zuen Mayok, Nafarroan hauteskundeei begira akordio bat lortzeko, ezkerreko indar abertzaleen elkarlanerako. Hala EArekin nola Aralarrekin izandako bileretan parte hartu zuen ezker abertzaleko kide gisa, eta prentsaurrekoak ere eman zituen, horien berri emateko.

Castrori, zigor handiagoa

Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi urtetik hamazazpira luzatu dio kartzela zigorra Manex Castro Zabaleta villabonatarrari, 2009ko otsailaren 23an Lazkaoko PSEren egoitzaren kontrako atentatua egitea leporatuta. «Talde terroristako kide» izatea egozteaz gainera, «hondamendia eragitea» ere leporatu dio Gorenak. Castro 2009ko martxoaren 1ean atzeman zuen Ertzaintzak, eta salatu zuen torturatu egin zutela inkomunikatua egon zen egunetan.

Auzitegi Nazionalak bederatzi urteko zigorra jarri zion aurtengo urtarrilean, baina auzia Gorenera iritsi zen, eta fiskaltzak zigorra handitzea eskatu zuen. Espetxe zigorra handitzeko, arrazoi hau eman zuen fiskaltzak: PSEren egoitzaren inguruko bidea publikoa zela eta bertatik norbait pasatuz gero hiltzeko arriskua egon zitekeela. Hala, fiskaltzaren eskaera aintzat hartu du Gorenak, esanez garrantzitsuena ez dela atentatuak eragindako kaltea handia den ala ez, atentatu harekin «pertsonen segurtasuna arriskuan» jarri zela baizik. Telefono bidez eman zuten lehergailuaren berri bi ordu lehenago, baina Gorenaren ustez hori ez da nahikoa atentatua eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.