Etxeratek jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegiteak aurkeztu ditu Maria Lizarraga, Mikel San Argimiro eta Gorka Vidal presoei joan den astean onartu zitzaizkien gradu aldaketen kontra. Hori presoen kasuan Zaballako eta Martuteneko tratamendu batzordeek proposatu zuten gradu aldaketa.
Gaineratu du Gorka Martinez Ahedok eta Iñaki Bilbao Gaubekak ostegunean Basauriko espetxera itzuli behar izan zutela, fiskaltzak gradu aldaketaren kontrako errekurtsoa aurkeztu ondoren, epaileak espetxeratzeko agindua eman duelako.
Atzo, ekaineko azken ostirala izaki, 4.500 pertsona bildu ziren hainbat protestatan, Euskal Herritik urrun dauden euskal presoak hurbiltzearen alde Sarek eta Etxeratek deituta. 70 bilkura egin ziren. Etxerat-ek eskatu zuen euskal presoei berehala ezar diezaietela lege arrunta: «Hala ez den bitartean, benetako bizikidetza, memoria, justizia edota bake egoerez hitz egitea, zoritxarrez, ezinezkoa izango baita».
Gainera, Ion Kepa Paroten baldintzapeko askatasunaren seigarren eskaera dela-eta Frantziako Estatuak «jarrera ankerra» agertu izana salatu zuten. Halaber, oso garrantzitsutzat jo zuten Bakearen Artisauek eta Bake Bidean-ek Ipar Euskal Herrian presoen aldeko martxan duten dinamika: «Bizi osorako zigorra aurkako dinamikaz ari gara, bai eta gainontzeko euskal presoen etxeratze prozesuaz ere».