Espainiako Auzitegi Nazionalak Gorka Loran euskal presoaren defentsak jarritako errekurtsoaren alde egin du, eta eskatutako baimen arrunta eman dio. Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentrala izan zen eskaeraren aurka egin zuena, aurrez terrorismoaren biktimei barkamena eskatu eta damutu behar zuela adierazi zuen eta. Defentsak errekurtsoa jarri zuen, eta Jose Ricardo de Prada Auzitegi Nazionaleko magistratuak errekurtsoaren alde egin du, nabarmenduz barkamena eskatzea ez dela baimen arrunt bat ukatzeko legezko betekizuna.
Bestalde, auzitegiak autoan gehitu du ez dagoela Loranen jardueraren ondoriozko biktima jakinik, eztanda egin ez zuen lehergai bat jartzeagatik izan baitzen zigortua.
Hori dela eta, Auzitegi Nazionalak berretsi egin du 2021ean Tratamendu Batzarrak onartu zuen irteera baimen arrunta. Auzitegiak gehitu du baimen horrek Loran aske uzten dutenerako prestatzeko helburua duela, «zigorraren amaiera gertu dagoela jakinda».