Espainiako Auzitegi Nazionalak Gorka Loran euskal presoaren defentsak jarritako errekurtsoaren alde egin du, eta kalera ateratzeko baimen arrunta eman dio —2021eko irailean eskatua zuen baimena presoak—. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala izan zen eskaeraren aurka egin zuena, iritzita beharrezkoa zela aurrez biktimei barkamena eskatu eta damutzea. Defentsak errekurtsoa jarri zuen, eta Jose Ricardo de Prada, Francisco Javier Viera eta Maria Fernanda Garcia Perez magistratuek osatzen duten epaitegiak errekurtsoaren alde egin du, nabarmenduta barkamena eskatzea ez dela baimen arrunt bat ukatzeko legezko betekizuna.
Bestalde, auzitegiak ebazpenean gehitu du ez dagoela Loranen jardueraren ondoriozko biktima jakinik. Eztanda egin ez zuen lehergailu bat jartzea egotzita zigortu zuten, eta, hori dela eta, hilketa delitu bat egiten saiatzea leporatu zioten. Loran 2003az geroztik dago preso.
Baloraziorako aldagaia
Auzitegiak nabarmendu duenez, preso batek espetxean duen eboluzioari buruzko balorazioa egiteko orduan, kontuan hartzeko elementuetako bat izan daiteke biktimei barkamena eskatzeko gutun bat idaztea, baina, epaitegiaren arabera, badaude horretarako beste adierazle batzuk ere. Auzitegiak argudiatu du, besteak beste, presoak espetxean daraman denbora eta zigorra osorik betetzeko falta zaiona hartu behar direla kontuan baimena emateko garaian; eta Loranek 2023ko abenduan beteko du zigorra oso-osorik. Barkamen eskaera, ordea, "ez da inolaz ere legezeko betekizuna espetxe baimenak emateko". Hori horrela, Auzitegi Nazionalak berretsi egin du 2021ean espetxeko Tratamendu Batzordeak onartu zuen irteera baimena.
Auzitegiak gehitu du baimen horrek helburu duela Loran aske uzten dutenerako prestatzea, «zigorraren betetze egoera eta aurki datorkion askatasunerako aukera kontuan hartuta».
Berriki iritsi da De Prada epaile progresista epaitegi horretara, eta horrek eragina izan du irizpide aldaketan. Espetxe Zaintzako Epaitegiaren hiru epaileek egin dute baimena ematearen alde; baina ebazpenak Francisco Javier Viera magistratuaren boto partikularra jaso du. Baimena ematearen alde egin arren, Vierak nabarmendu du presoak ETAren gaitzespenik ez duela egin eta damurik ez duela azaldu.