Goreneko 13 epaile, Barne ministroaren esku hartzeen kontra

Erredakzioa
2014ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ez da giro Espainiako organo judizialen eta gobernuaren artean. Azken tirabirak Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Sala osatzen duten epaileen eskutik etorri dira, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak egindako adierazpenen harira. Areto horretako 18 epaileetatik 13k eskutitz bat bidali diote Carlos Lemes Auzitegi Goreneko presidente eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteari, Barne ministroaren «esku hartzeen» aurkako neurriak har ditzan. Besteak beste, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin hitz egin dezala eskatu diote gutunean. Fernandez Diazek egunotan egindako adierazpenak salatu dituzte, «instituzioekiko konfiantzarik eza» sortzen dutela argudiatuta.

Joan den abenduaren 3an, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako Lehen Atalak eskatu zuen Frantziako Estatuan zigorra betetako lau presori zigor hori kontuan hartu eta espetxealdia murrizteko. Erabaki hori ikusirik, Espainiako Barne ministroak «tamalgarritzat» jo zuen preso horiek aske uztea, eta horren atzean prebarikazioa egon zitekeela ere iradoki zuen. Adierazpen horiek arbuiatu dituzte Goreneko hamahiru epailek, tartean epaile emerituak, Botere Judizialarekiko «errespetu falta» erakusten dutelako. Hori dela eta, Espainiako Gobernuko presidenteari gisa horretako adierazpenei mugak jartzeko eska diezaiola esan diote. Barne ministroaren adierazpen horiek eurengan sortu duten «ezinegona» helarazi diete epaileek Goreneko presidenteari.

Idatziarekin bat egin duten epaileek gogoratu dute egokitzat jo zuten interpretazioa egin dutela Frantzian betetako espetxe urteak kontuan hartu eta Espainiaren kartzeletan bete beharrekoei kentzeko Europako arauari buruz. Manuel Marchena presidenteak eta Julian Sanchez Melgar, Antonio del Moral, Andres Martinez Arrieta eta Carlos Granados magistratuek ez dute bat egin idatziarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.