Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea egotzita Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zigortutako lau guardia zibilen absoluzioa berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Gorenak berak absolbitu zituen lau guardia zibilak, Probintzia Auzitegiak zigortu ostean. Orain, Gorenak ez du onartu Portuk eta Sarasolak erabaki horren kontra jarritako kasazio helegitea, eta, beraz, berretsi egin du lau guardia zibilen absoluzioa. Portuk eta Sarasolak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzeko aukera izango dute orain.
Gorenak azaroan absolbitu zituen lau guardia zibilak. Epai hori atzera botatzeko eskatu zuten bi presoek, Gorenak, ez dagokion arren froga baloratu zuela eta epaia predeterminatuta zegoela argudiatuta. Izan ere, tortura salaketa jarri zutenak «ETAko kide diren eta behin betiko zigorrak dituzten bi pertsona» zirela azpimarratzen zuen epaiak. Goreneko Zigor salak jakinarazi duen erabakiak ez die arrazoirik ematen bi lesakarrei.
Epaia emateko Gorenak erabilitako Mikel Sansebastian ustezko etakideari topatu ei zioten Atxiloketari aurre eginez dokumentua manipulatuta zegoela ere salatu zuten Portuk eta Sarasolak. Epaian jasotako esaldiak ez zetozela horrela jatorrizko dokumentuan. Gainera, txostena ez zitzaiela beraiei atzeman ere argudiatu zuten. «Okerreko zita batek» dokumentuaren edukia ez duela baliogabetzen dio Gorenak.
2010eko abenduan atera zuen Gipuzkoako Auzitegiak Juan Jesus Casas, Jose Manuel Escamilla, Sergio Garcia eta Sergio Martinez guardia zibilak zigortu zituen epaia, Portu eta Sarasola atxilotu eta inkomunikatuta eduki zituztenean torturatu egin zituztela frogatutzat jota. 15 guardia zibil epaitu zituzten.
Ezker abertzaleak eta Aralarrek salatu egin dute Gorenaren erabakia. «Oraingo sententzia honek berretsi egin du espainiar indar polizialek euskal independentismoaren aurka zigorgabetasun osoz erabili duten tresna dela tortura», esan du ezker abertzaleak. Aralarrek ere antzeko hitzak izan ditu: «Torturatzaileei, berriro ere, inpunitatearen mezua eman zaie».
Gorenak ez du onartu Portu eta Sarasolaren tortura auziko helegitea
Gipuzkoako Auzitegiak torturengatik zigortutako lau guardia zibilen absoluzioa berretsi du Gorenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu