Xabier Atristain zigortzeko froga nagusia inkomunikazio garaian egindako deklarazioetatik abiatu zela onartuta ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du onartu haren aurkako hamazazpi urteko espetxe zigorra berrikustea. Izan ere, Gorenak ebatzi du horrez gain badirela bertzelako froga gehiago, eta, beraz, ondorioztatu du deklarazio horiek gabe ere epaileak zigor ondorio berera ailegatu izanen liratekeela.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an emandako sententzia Espainian betearazteko modua da Auzitegi Gorenean berrikuspen helegitea jartzea, baina auzitegiko zigor salako hiru epaileek ez dute baimenik eman defentsak berrikuspen helegitea jartzeko ere.
Andres Martinez, Andres Palomo eta Carmen Lamela epaileek osaturiko epaimahaiak argudiatu duenez, «ohiz kanpoko» neurri bat da berrikuspena, «bertze erremediorik ez dagoenean» baino onar ez daitekeena. Epaileek azpimarratu dute, halaber, Estrasburgok ez duela espresuki eskatu Atristainen zigorra berrikusteko. Honela dio epaiak, zehazki: «Berrikuspena ez da [eskubide] urraketaren adierazpenaren derrigorrezko ondorioa».
Jauzi kontraerrankorra egiten du sententziak. Izan ere, aipatzen du Estrasburgok erraten duela Atristainen zigorra «nagusiki deklarazioen harira lorturiko frogetan oinarritzen» dela: «Deklarazio horiek funtsezkoak izan ziren material esplosiboa aurkitzeko». Lehergai horiek froga gisa erabili izana ez du zalantzan jartzen, ordea, eta gaineratzen du horiek ez ezik «bertze akusatuen inkulpazioak, lekukoen deklarazioak eta akusazioaren galderen aurrean demandatzaileak izandako isiltasuna ere» erabili zituztela.
Sorturentzat, «astakeria»
Gorenaren hitzetan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du «zalantzan» jartzen Espainiako gaur egungo legedia, «ezta delinkuentzia terroristagatik atxiloturikoen inkomunikazio erregimena ere, epaile baten zaintzapean egiten bada, betiere». Auzitegiak gogoratu du Atristainen kasuan ez zela ebazpen indibidualizaturik egon, baina ebatzi du «bazirela atxilotuarengan talde terrorista bateko kide izatearen eta lehergaiak izatearen zantzuak, zeinak ekarri baitzuten instrukzio epaileak inkomunikazioa ezartzea».
Sortuk salatu du «aurrekaririk gabeko astakeria» bat dela Gorenaren sententzia: «Erabateko inpunitatea ematen die eskubideen urraketei».
Gorenak ebatzi du Atristainen zigorra ez dela berrikusi behar
Epaileen arabera, inkomunikazioan egindako deklarazioak ez ziren hura zigortzeko froga bakarra izan, eta berrikuspena ez da derrigorrezkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu