Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du kondena murriztuko diotela 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren egileetako bati. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hartu zuen erabakia, Soilik baietz da baietz legea oinarritzat hartuta, eta, orain, epaia berretsi du Gorenak. Nafarroako Auzitegi Nagusiak ebazpenean jasotako irizpideekin bat egin dute Madrilgo epaileek: uste dute akusatuari hamabost urteko kartzelaldia ezarri ziotela garai hartan legez ezarrita zegoen gutxieneko zigorretik «gertu» zegoelako. 10/2022 legea indarrean sartuta, baina, delitu horrengatik ezartzen ahal zen gutxieneko zigorra urtebete eta hiru hilabetean murriztu zen; hortaz, zigorra neurri berean apaltzea erabaki zuten magistratuek.
Sententzia hura «arrazoizkoa» izan zela argudiatu du Auzitegi Goreneko magistratu Julian Sanchez Melgarrek: «Argi dago Nafarroako Auzitegi Nagusiak zigorra ezarri zuela gutxieneko langatik gora, baina oso gertu [...], eta ezinbestekoa da sententzia hura ezarri zuen auzitegiaren zigor irizpideak errespetatzea». Gorenak dio ezin duela salbuespenik egin, «kasu hau bereziki mediatikoa izan arren».