Gorenak baliogabetu egin du atzerriko ikasketa tituluen homologazioaren transferentzia

Epaiak dio Espainiako Estatuaren eskumen esklusiboa dela eduki hori kudeatzea. Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzea.

Jaurlaritzako zenbait sailbururen eta Espainiako Gobernuko ordezkariaren arteko bilera telematikoa, transferentzia egin zen egunean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Jaurlaritzako zenbait sailbururen eta Espainiako Gobernuko ordezkariaren arteko bilera telematikoa, transferentzia egin zen egunean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Xebier Martin - Irati Urdalleta Lete
2025eko martxoaren 21a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2024ko otsailean adostu zuten atzerritarren ikasketa tituluen homologazioaren eskumena Jaurlaritzaren esku uztea, Iñigo Urkullu lehendakariaren azken txanpan. Iazko uztailean, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen, behin-behinean, Olatz Garamendi sailburuak eta Angel Victor Torres ministroak sinatu zuten eskumen hori. Orain, berriz, Gorenak erabat baliogabetu du bi gobernuek adostutako transferentzia. Oso-osorik kendu dio indarra auzitegi horrek edukiari, ebatzi baitu atzerrian lortutako ikasketa tituluen homologazioa Espainiako Estatuarena dela «bakarrik», eta, hortaz, ezin dela «zeregin eta zerbitzu horien inguruko tranferentziarik egin erkidegoetara». Jaurlaritzak irmo egin du ebazpenaren aurka: «Onartezina da». Hori horrela, aztertzen ari dira Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea ipintzea.

Jaurlaritzarentzat garrantzitsua zen eskumen hori edukitzea, Osakidetzako atzerriko medikuak kontratatzeko tresna bat baita, besteak beste. Kataluniak eta Galiziak badute eskumen hori, baina Gorenak ez du aintzat hartu jurisprudentzia hori, haien kasuetan ez zaielako zuzenean erreparatzen unibertsitate ikasketei. Jaurlaritzak eskuratu zuen eskumenean, ordea, ikasketa horiek jasotzen dira, eta Gorenak esan du maila horretako ikasketen tituluen kudeaketa Espainiako Estatuarena dela, «esklusiban».

Hor jarri du bere ebazpenaren muina Auzitegi Gorenak, ikasketen mailan, alegia. Jaurlaritzak hezkuntza kudeatzen du aspaldian, baina epaiak dio estatuarena dela unibertsitate ikasketen homologazioaren ziurtagiria, eta, hortaz, «berdintasun printzipioa» urratu egiten duela Gasteizko gobernuak homologazio prozesu hori azkartu ahal izateak. Atzerritar askok ezinegona adierazi dute azken urteetan, Espainiaren leihatilan kolapsoa ei dagoelako, eta oso luze jo ohi duelako haien eskaerak tramitatzeak.

«Onartezina da»

Eusko Jaurlaritzak ez du begi onez ikusi ebazpena, eta haren berri izan orduko eman du iritzia, irmo: «Onartezina da». «Erabateko desengainua» hartuta daude, transferentziak «garrantzi politiko izugarria» zuelako, eta garrantzitsua zelako Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak profesionalen arloan —medikuak, erizainak, abokatuak...— dituen beharrei erantzuteko; hain zuzen, horien eskubideak «iraindu» egin dituztela iruditzen zaie: «Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia honek aldebiko akordio politiko bat ahuldu nahi du». Diotenez, itun hori «funtsezkoa» da «euskal autogobernua garatzeko», baita milaka herritarren beharrei erantzuteko ere.

«Epai hau esparru politikoan argi eta garbi sartzea da», gaitzetsi dute. Eta zehaztu dute Espainiako Gobernua ere interpelatzen duela. Hori horrela, Madrili mintzatu zaio Jaurlaritza: «Eusko Jaurlaritzatik Espainiako Gobernuari eskatzen diogu urgentziaz egin ditzala beharrezko aldaketa juridiko guztiak, egoera hau iraultzeko eta horrelakoak berriz gertatzeko modurik egon ez dadin». Alegia, egin ditzala aldaketak, «auzitegiek ez dezaten erarik izan beren konpetentziakoak ez diren auziez ebazteko».

Halaber, zera gogorarazi du Jaurlaritzak: EAEk «aitortuak» dituela bere «eskubide historikoak» indarrean dagoen ordenamendu juridikoan. «Gernikako Estatutua da gure oinarrizko araudi instituzionala». Eta, horrenbestez: «Errespetatu eta bermatu egin behar da hura garatzea, baita instantzia judizialetatik ere; oraindik ere pentsatzen dute jendeak eskubideak dauzkala baldin eta gutxi batzuen eskuetan dagoen botere zentral batek kudeatzen baditu soilik».

Baina hitzetatik harago, ekintzetara pasatzea aztertzen ari dira: erabakizun dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegite bat jartzea. Hauxe Jaurlaritzaren xedea: «Euskal autogobernua, lortutako akordioa eta epai honek eragingo dien milaka pertsona defendatzea».

Nork jarri du helegitea?

Madrilgo erkidegoko Lanbide Arteko Batasunak transferentziaren aurka egin zuen 2024an, baina baita Espainiako Fisioterapeuten Elkargo Nagusiak ere. Haiek eragin zuten Gasteizera egindako transferentzia bertan behera geratzea iazko uztailean. Horrez gain, Gorenak beste bost helegite dauzka ebatzi gabe; denak dira transferentzia baliogabetzeko eskatzeko idatziak. Arkitektoen, erizainen, odontologoen, medikuen eta abokatuen elkargoek jarritakoak dira.

Dagoeneko, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du auziari buruz, eta, eskumenak tartean direnean, Espainiako Justiziak sarritan egin duen moduan, Eusko Jaurlaritzaren aurka egin du. Martxoan 19an eman zuen epaia, herenegun; Pablo Lucas epaileak deliberatu du Gasteizko administrazioari kentzea atzerritarren ikasketen homologazioaren kudeaketa. Haren anaia Enrique Lucas Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoen arduraduna izandakoa da, eta EAJk CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusirako kide gisa proposatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.