Auzitegiak

Gorenak atzera bota du Kubatiren eta Latasaren absoluzioa

Auzitegi Nazionalak absolbitu zituen, 1986ko atentatu batekin zerikusirik ez zutelakoan. Gorenak uste du ez zela «azalpen nahiko» eman.

Latasa Getaria, bere aurkako epaiketan. AUZITEGI NAZIONALA
Iosu Alberdi.
2022ko ekainaren 24a
13:42
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Antton Lopez Ruiz Kubati eta Jose Miguel Latasa Getaria euskal herritarren absoluzio epaia, eta Auzitegi Nazionalari agindu dio beste ebazpen bat egiteko. Lopez eta Latasa ustez 1986an Aretxabaletan (Gipuzkoa) bi guardia zibil hiltzeagatik epaitu zituzten, baina Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen 2020ko urrian.

Auzitegi Goreneko Zigor Salak ebatzi du «benetako babes judizialerako oinarrizko eskubidea» urratu zuela Auzitegi Nazionalaren ebazpenak, ez zuelako «azalpen nahiko» eman absoluzioen alde egiteko. Auzitegiak uste du ez dela argudio nahiko adieraztea Lopezek eta Latasak ezin izan zituztela «hain epe motzean» bi atentatu egin. Izan ere, ordu gutxi batzuk lehenago Ordizian (Gipuzkoa) egindako beste ekintza bategatik epaitu eta zigortu zituzten biak.

Gorena urrunago ere joan da, eta adierazi du Aretxabaletan erabilitako materialean bien hatz markak topatu izana haren «kokapenean edo garraioan parte hartu izanaren zantzua» dela. Hala, kritikatu du Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak ez zuela «arrazoizko» argudiorik eman zantzu hori baztertzeko. Azaldu du ez dela «koherentea» biek atentatuan parte hartu izana aztertu ez izana, ezta biak egile izana baztertu izana ere, Aretxabaleta eta Ordizia artean zer distantzia dagoen kontuan hartuta.

Hildako guardia zibiletako baten familiak aurkeztu zuen ebazpenaren aurkako helegitea, eta, Gorenaren ebazpenaren ostean, Auzitegi Nazionaleko epaimahai berak berridatzi beharko du sententzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.