Gordetzeko arrazoia politikoa dela berretsi du Martinek France 3n

Espainiaratu ez dezaten gordeta jarraitzen duen zuberotarra elkarrizketatu du France 3 telebista kateak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
«Agerpen publikoa berriz egingo dut egun batez. Une hori nik erabakiko dut». Horra zer mezu entzun zitekeen Aurore Martinen ahotik France 3 telebista katearen herenegungo albistegian. Bere aurkako euroagindua Frantziako Justiziak onartua zuela eta abenduaren 20an gordetzeko erabakia hartu zuenetik, Batasuneko kideak eskainitako lehen elkarrizketa izan da, France Television taldeari egina. Madrilen aurkeztu beharko duela badakiela zehaztu du, eta gehitu jendaurrean agertuko dela «noizbait». Haatik, argi utzi du polizia etxera ez dela azalduko.

Berretsi egin du gordetzeko hautua ez dela «ihes» egiteko, baizik eta «bere lan politikoaren jarraitu ahal izateko» dela.Hain zuzen, ekitaldi publikoetan zein prentsaurrekoetan parte hartzea eta prentsa artikuluak idaztea leporatzen dio Espainiako Justiziak. Hots, kazetariari zehaztu dion gisara, «hemen egiten dudan gauza berbera».

Atea ireki dioten «hainbat eta hainbat lagun eta sostengatzaileri esker» Euskal Herrian dela zehaztu zuen abenduaren 20an Euskal Irratiei eta Euskal Herriko Kazetari igorri gutunean. «Maitasun anitz eskaintzen» dioten jende batzuen etxean dela zehaztu du bideoan. Hala eta guztiz ere, «zaila» dela aitortu du. Bideoan mihise beltz batez estaliriko gela batean agertzen da Martin, bi aulki, mahai baten gainean pausaturiko ordulari eta lanpara bat salbu beste ezer ez dela. Kazetariak zehazten duenez, «zuhurtzia handiarekin» egin dute hitzordua, begiak estalirik iritsi direla hitzordura eta elkarrizketaren denbora mugatua zela.

Sostengu handia jasorik

Kazetariak zehazten duenez, Martini erakutsi sostenguak «harritu baina segurtatu» du emakumea. Besteak beste, 160 bat hautetsik dute «ezin onartuzko» prozedura hau bertan behera uzteko exijitzen. «Hautetsi orok daki norberaren eskubideak, baita kolektiboak ere, zalantzak ezarriak direla», dio Martinek hautetsien mobilizazioa esplikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.