Goranzko joera eten, eta jaiotza kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian

Ezkontzen guztizkoak behera egin badu ere, sexu berekoen artekoek gora egin zuten iaz, 2008arekin alderatuta

Erredakzioa
2010eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
2000. urteaz geroztik goranzko joera izan dute jaiotzek Hego Euskal Herrian. Baina beherantz egin zuten iaz. 28.032 haur jaio ziren iaz, eta 2008an 28.339 haur jaio ziren Hegoaldean, 307 gutxiago. Jaitsiera %1,1ekoa izan da, eta hamarkada beteko joera eten du. 2000. urteaz geroztik gorakoa izan da jaiotzen joera: urte hartan 22.578 haur jaio ziren Hego Euskal Herrian. Harrezkero, urtez urte gora egin du jaiotzen kopuruak. 2005ean izan zen salbuespena: aurreko urtean baino hogei haur gutxiago jaio ziren. Baina jaitsiera ez zen nabarmena izan, eta, 2006tik aurrera, berriro goranzko joerari eutsi zioten jaiotzek.

Jaiotzen beherakadarekin batera, heriotzek ere pixka bat gora egin zuten iaz: 2008an 24.725 pertsona hil ziren, eta iaz 24.789, 64 pertsona gehiago hil ziren. Hegoaldeko hazkunde begetatiboa, hortaz, mantsotu egin da; gizarteen berritzea neurtzen du hazkunde begetatiboak, jaiotza kopuruari heriotzena kenduta. 2008an, hil zirenak baino 3.164 pertsona gehiago jaio ziren Hego Euskal Herrian; iaz 3.243koa izan zen.

Bizkaian, hazkunde negatiboa

Hazkunde begetatibo negatiboa izan zuen Bizkaiak iaz: hilak 187 gehiago izan ziren jaioak baino. Gainerako herrialdeetan jaioak gehiago izan ziren hilak baino. Nafarroa da hazkunde begetatibo handiena duen herrialdea: iaz 1.629koa izan zuen. Gipuzkoak 991koa du hazkunde begetatiboa, eta Arabak 810ekoa. Hala ere, jaiotza gehien dituen herrialdea Bizkaia da -iaz 10.730 haur jaio ziren-; Gipuzkoan, 7.238 jaiotza izan ziren; Nafarroan, 6.877; eta, Araban, 3.187.

Espainiako Estatistika Institutuak atzo eman zituen datu horiek; biztanleriaren mugimendu naturalen inkestaren barruan jasotzen dira, eta urteroko jaiotzak, ezkontzak eta heriotzak biltzen dituzte. Ezkontzei dagokienez, 11.262 egin ziren iaz Hegoaldean, aurreko urtean baino 591 gutxiago. Ezkontzen guztizko kopuruak behera egin badu ere, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak ugaritu egin dira: 2008an 133 ezkontza egin ziren, eta iaz 163.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.