Bi gizonezko elektrikari buzo urdina jantzita. Esku eskailera bat hormaren kontra jarria, eta erreminta kutxa bat lurrean. Claudio Coello kalean. Madrilen. Bietako bat errepide aldera gerturatu da. Bestea makurtuta dago; eskuak kaxan, begirada lankidean. Tentsioa. «Ez dut ikusten», dio lehenak. Eta jarraian: «Badator». Besoa altxatu du. Auto beltz dotore bat gerturatzen ari da, urrunean. Eta jaitsi du bizkor. «Orain!». Segidan, eztanda handi bat. Autoa hegan atera da, pareko eraikinaren teilatu gainetik igaro, eta patio batean erori.
Modu horretan irudikatu zuen Gillo Pontecorvo zinemagileak Espainiako gobernuburu Luis Carrero Blancoren hilketa, Operación Ogro filmean (1979). 1973ko abenduaren 20ko goizean hil zuen ETAk Francisco Francoren diktadurari jarraipena ematera deituak zeuden gizon garrantzitsuenetako bat. 09:28 ziren, auziko sumarioaren arabera, ordu hartan utzi ziolakoan almirante frankistaren erlojuak funtzionatzeari. 09:36, Jose Miguel Beñaran Argala-k Eva Forest idazle eta erakunde armatuaren gertuko ekintzaileari azaldu zionez. Hala jaso zuen, behintzat, Forestek berak Julen Agirre goitizenarekin idatzitako Operación Ogro. Cómo y porqué ejecutamos a Carrero Blanco liburuan (Mugalde, 1974). Izan ere, Beñaran bera izan zen ekintzan zuzenean parte hartu zuten ETAko hiru militanteetako bat, Jesus Zugarramurdi Kixkur-ekin eta Javier Larreategi Atxulo-rekin batera. Ekintza hartarainoko bidea, ordea, konplexua izan zen.
Ikusi gehiago
Haustura batetik
Erakundearen V. asanbladaren ostean, ETAren eragin politiko eta soziala handitu egin zen. Ordura arteko militante kopuru handiena zuen, eta itzulerarik gabeko urrats bat egin zuen: 1968ko abuztuaren 2an, erakunde armatuak Meliton Manzanas Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buru eta torturatzaile ezaguna hil zuen. Aurrez prestatutako lehen hilketa izan zen.
Horrek ondorio latzak izan zituen erakundearentzat, eta nabarmen ahuldu zuen denbora gutxian. Diktadurak salbuespen egoera ezarri zuen, eta, zenbait iturriren arabera, ia 2.000 lagun atxilotu zituzten, eta bostehun inguru torturatu. Testuinguru hartan iritsi zen erakunde armatuaren kontrako lehen kolpe handia ere. 1969ko apirilaren 9an Poliziak Mario Onaindia, Victor Arana eta Josu Abrisketa atxilotu zituen Bilboko Artekalen, eta egun batzuk geroago Eduardo Uriarte, Jon Etxabe, Jone Dorronsoro eta Enrique Gesalaga Mogrovejon (Kantabria, Espainia). Horiek eta beste zenbait —denera, hamasei lagun— epaitu zituzten urtebete geroago, Burgosko prozesuan.
Zuzendaritza espetxean zela, barne eztabaidek indar hartu zuten, haustura eragiteraino. VI. asanbladan gauzatu zen, 1970eko abuztuan. Hego Euskal Herrian osatu berri zen zuzendaritzak ildo obrerista hartu zuen, ETA VI izenez ezaguna. Alderdi politiko iraultzaile bat eratzea helburu hartuta, pixkanaka borroka armatua baztertuz joan ziren, eta 1972an, beste barne haustura baten ostean, gehiengoak bat egin zuen LCRrekin.
Bien bitartean, zuzendaritzari bide «espainolista» hartzea egotzita, haren kontrakoek ETA V osatu zuten, nazio askapenerako borroka armatua erabiltzearen alde eginda. Tartean, Julen Madariaga, Jon Etxabe, Josu Urrutikoetxea eta arlo militarreko zenbait kide.
Banaketak nahasmena eragin zuen militanteen artean. Hasieran, gehienek bat egin zuten zuzendaritzarekin. Hala, Burgosko prozesuarekin batera, ETA V taldeko kideen lehentasunetako bat izan zen ETA VIkoekin bilkurak antolatzea, eurekin bat egin zezaten. Hala batu zen Beñaran bera ere ETA V taldera, eta 1971 hasieran, Urrutikoetxearekin batera igaro zuen muga Ipar Euskal Herrira; aste batzuk geroago, Parisera joan ziren biak. Bidaia hura baliatu zuten ETA V taldearen —aurrerantzean, ETA— egituraren inguruan eztabaidatzeko.
Fronte militarra, aurretiaz egituratua zegoena, indartsu aritu zen hurrengo hilabeteetan. 1972an, EGI-Batasunako militanteak —Iñaki Mujika Ezkerra buru zela— erakundera batuta, ekintza kopurua areagotu zuten: Lorenzo Zabala eta Felipe Huarte enpresaburuen bahiketak, sindikatu bertikalaren kontrako kanpaina, erakundea logistikoki hornitzeko lapurretak... Horietako zenbait gerora Ogro operazioa gauzatzeko baliagarriak.
Era berean, baina, erakundearen kontrako errepresioa ere nabarmen gogortu zen Hego Euskal Herrian. Besteak beste, 1972an, Poliziak ETAko lau militante hil zituen, eta, 1973ko apirilean, berriz, arlo militarreko buru Eustakio Mendizabal Txikia. Garai hartan eratu ziren lehen talde ultrak ere; tartean, Guerrilleros de Cristo Rey.
Madrilera
Diktadura higatzeko beste bide batzuk jorratzea zen erakundearen xedea, eta horretarako plaza aproposa zen Espainiako hiriburua. Hala, 1971ko udazkenean jada, Beñaranek hainbat bidaia egin zituen hara, ezkerreko sektore politikoekin harremanak egiteko eta erakundea laguntzeko azpiegitura bat osatzeko asmoz. Orduan ezagutu zituen, besteak beste, Eva Forest eta Alfonso Sastre. Ez zekien, baina, Madril kasik bere bizileku bilakatuko zela.
Izan ere, ETAko zuzendaritzak biltzar bat egin zuen 1972ko urrian, Hazparnen (Lapurdi). Hartara joateko muga zeharkatzear ziren Beñaran eta Iñaki Perez Beotegi Wilson, baina, arriskutsua zelakoan, ez egitea erabaki zuten, Mertxe Aizpuruak Argala liburuan kontatzen duenez. Horren ondorioz, zuzendaritzak Hego Euskal Herrian aritzea debekatu zien, eta Madrilera jo zuten biek.
Orduan iritsi zitzaion ETAri Carrero Blanco gobernuko presidenteordea egunero 09:00etan Serrano kaleko 104.ean dagoen San Francisco de Borja elizara joaten zela zioen informazioa. Operación Ogro liburuan azaldu zutenez, gizonezko batek eman zion informazio hori Beñarani, Madrilgo Chamberi auzoko Mindanao hotelean. Bertsio hori sarri erabili izan da gerora egin zuten ekintzaren inguruko askotariko teorien oinarri gisa, baina ez dago baieztatzerik bilkura hori egin zenik ere.
Carrero Blancoz gain, ETAk diktadurari lotutako beste zenbait lagun ere izan zituen jomugan; tartean, Escriva de Balaguer.
Ordurako, gainera, ETAk bere helburuen artean zuen diktadurako kide esanguratsuren bat bahitzea. Gobernuko zenbait kide soilik ez, erakundeak jomugan izan zuen Josemaria Escriva de Balaguer Opus Deiren sortzailea ere, eta erakundeko kide batek Erromara ere bidaiatu zuen haren inguruko informazioa eskuratzeko asmoz.
Diktaduraren ahulguneak azaleratzea ez ezik, ekintzak beste helburu bat ere bazuen. Ez zegoenez modurik espetxeetan ihesaldirik prestatzeko, bahitua presoen askatasunaren truke aldatzea. Ordu hartan, ETAko 150 kide baino gehiago zeuden Espainiako kartzeletan.
'Ogro operazioa'
Beñaranen eta Perez Beotegiren eginbeharra zen, beraz, Carrero Blancoren inguruan jasotako informazioa baieztatzea. Haiekin beste zenbait kide ere aritu ziren, tartean Mujika. Azkenean, baina, Juan Bautista Zigor batu zen taldera; eta gero, Larreategi. Denak ere Alcorcongo Mirlo kalean alokatutako pisu batean bizi ziren. Ordurako baieztatu zuten almirantea egunero, ordu berean, elizako eserleku bertsuan esertzen zela, segurtasun babes handirik gabe, eta bazuten zuzendaritzaren oniritzia bahiketa prestatzeko.
Denera, zortzi hilabete inguru egin zituzten prestaketa lanetan, eta 1973ko udaberria zen bahiketa gauzatzeko garaia: dena prest Ogro operaziorako. Elizan bertan bahituko zuten Carrero, mezetan. Bizkartzainak menderatu, elizan zeudenak kontrolatu eta eraikinaren ezkerreko atetik aterako zuten. Han auto bat egongo zen zain, kideak eta almirantea aurrez alokatu zuten arropa denda batera eramateko, zenbait iturriren arabera.
Dena prest zutela, baina, lapur talde batek bahiketarako prestatutako dendako erakusleihoa hautsi zuen, saltokia hornitzeko erositako materiala lapurtzeko asmoz. Gauzain batek zarata sumatu zuen, eta bertaratzean, tiroketa bat gertatu zen. Polizia ere izan zen han, eta beraz, beste lokal bat topatzea erabaki zuten. Operazioa atzeratu behar izan zuten.
Baina, handik gutxira, planak hankaz gora jarri zituen berria iritsi zen: Francok jakinarazi zuen Carrero Blanco gobernuko presidente izendatuko zuela. 1973ko ekainaren 9an izan zen.
Plan berria
Abuztu hartan, ETAk bere VI. asanbladaren lehen zatia —1970ekoa ez zuten kontuan hartu— egin zuen, Lapurdin. Eta handik gutxira jakin zuen Madrilgo hirukoteak —ordutik aurrera Txikia komandoa izango zena— zein zuten helburu berria: Carrero hiltzea. Izan ere, Beñaranek, Larreategik eta Perez Beotegik —azken hori Zugarramurdik ordezkatu zuen irailean— bistaratu zuten gobernuko presidenteak, bere errutinari eutsi arren, lehen baino segurtasun babes handiagoa zuela.
Hala, beste plan bat diseinatu zuten. Claudio Coello kalean, Carrerok autoz egunero igarotzen zuen bidean, soto bat alokatu, eta tunel bat zulatu sototik errepideraino, presidentearen autoa gainetik igarotzean leherrarazteko.
Larreategik, eskultore rola hartuta, sotoa alokatu zuen, eta eraikineko atezainari —polizia zen— eta jabeari abisua eman: baliteke dezenteko zarata egitea. Hala, abenduaren hasierarako hiru kideak zuloa egiten ari ziren, Iñaki Egañak Ogro operazioa. Ekintza eta mitoaren eraikuntza liburuan (Txalaparta, 2023) azaltzen duenez, Antonio Duran militante komunista madrildarraren laguntzarekin. Zazpi metro luze, eta T itxura. Zabalera eta altuera, berriz, lanerako gutxienekoak: 60 zentimetro zabal eta 50 zentimetro garai. Abenduaren 15erako prest zuten.
Asmoa zen ekintza abenduaren 18an gauzatzea, hilaren 20an CCOOko kideen kontrako 1001 prozesuaren epaiketa hastekoa baitzen. Azkenean, baina, beste gertaera batek planak aldarazi zizkien: AEBetako estatu idazkari Henry Kissinger Carrero Blancorekin bilduko zen Madrilen, eta AEBen enbaxada euren sototik 200 metro ingurura zegoen. Beste egun bat aukeratu behar zen: azkenean, abenduaren 20a.
E eguna
Aurreko bi egunak kable sarea prestatzeko baliatu ostean, abenduaren 20a goiz hasi zuten Txikiakomandoko kideek. Mirlo kaleko etxebizitza utzi, eta Claudio Coelloko sotora joan ziren azken xehetasunak prest uzteko. Zulatutako T-aren amaieran hiru lehergailu multzo jarri zituzten; denera, 75 kilo Goma-2. Hilabete batzuk lehenago lapurtu zituzten, Hernaniko (Gipuzkoa) harrobi batetik, eta abendu erdialderako eraman zituzten Madrilera, Burgostik. Besteak beste, Josu Urrutikoetxea aritu zen lapurreta eta garraio lan horietan.
Behin lehergailuak jarrita, haiei kableak lotu, eta lurrez estali zuten galeria. Helburua zen leherketaren hedatze uhinak noranzko bakarra har zezan: gorantz. Beñaranek eta Zugarramurdik, elektrikari jantziak soinean, sotoraino luzatu zuten bezperan fatxadan utzitako kablea, eta baieztatu zuten, hura bateriara lotuta, korrontea barruraino iristen zela. Sistemak funtzionatzen zuen.
Bien bitartean, Larreategik bigarren ilaran aparkatu zuen hirian mugitzeko erabili zuten Austin Morris autoa; hain justu, Claudio Coelloko sotoaren parean. Hartara, Carreroren autoak abiadura moteldu beharko zuen, eta lehergailua zegoen gunearen gainetik igaro. Badaezpada ere, barruan hamar kilo Goma-2 ere bazituen, lehen leherketak eztandarazi zitzan.
Auto hori aparkatuta, beste bat hartu zuen, Seat 124 bat; hartan egingo zuten ihes hirurek. Aurrez, baina, Carrerok bere egunerokoari eusten ziola egiaztatu zuen: hain zuzen, almirantea Hermanos Becquer kalean zuen etxebizitzatik atera zen, mezetara joateko. Bere bila joana zen Dodge Dart auto beltzean sartu, eta San Francisco de Borja elizarantz abiatu zen Luis Perez Mogena gidariarekin eta Juan Antonio Bueno bizkartzainarekin batera. Atzetik, beste auto batean, bi bizkartzain eta gidari lanak egiten zituen polizia bat.
ETAk, denera, 85 kilo Goma-2 erabili zituen: horietatik 75 zuloan jarri zituzten, eta beste hamarrak Austin Morris autoaren barruan.
Haren errutina argi zuten etakideek: meza amaitu eta autora itzuliko zen, etxerako bidea hartzeko.
09:30 inguruan egin zuen bira Juan Bravo kalean, eta Claudio Coello kalera sartu zen. Beñaran ari zen hari begiz jarraitzen, eta hark eman zion agindua Zugarramurdiri: «Orain!». Autoak 35 metro egin zituen gora, eta pareko jesuiten etxeko patiora erori zen: Carrero, Perez Mogena eta Bueno eztandaren eraginez hil ziren.
Beñaranek eta Zugarramurdik berehala alde egin zuten inguru hartatik. Segundo gutxiren buruan Seat 124 autoaren barruan ziren. Larreategi gidari, Alcorcongo Hogar kaleko 68.ean prest zuten etxebizitzarako bidea hartu zuten. Aste batzuk lehenago alokatu zuten hura.
Nahasmena
Leherketaren nondik norakoak argitzea kosta egin zitzaion diktadurari. Hasieran, ez zuten asmatu zer gertatu zen presidentearen autoarekin, eta aurrera egin ote zuen ere pentsatu zuten, airean desagertu zela konturatu gabe. Madrilgo 8. Instrukzio Epaitegiak 10:00 aldera jasotako dei baten arabera, berriz, ustez «gas leherketa bat» izan zen errepidean zulo handi hura utzi zuena: bi metro eta erdi sakon, hemeretzi metro luze eta zortzi zabal.
Azkenean, baina, konturatu ziren pareko sototik leherketaren eremura zihoan zulo bat zegoela, eta, hala, baieztatu zuten aurrez prestatutako ekintza bat izan zela. Hartara, ekintza nork egin zuen argitzea bihurtu zen lehentasuna. 1001 prozesuaz kexu ziren komunistak, FRAP... Ugari ziren hipotesiak. Egun berean, baina, ETAk bere gain hartu zuen ekintza, Jokin Apalategik eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-ek idatzitako ohar batean; Radio Parisek emititu zuen.
Kontuan hartuta Meliton Manzanas hil ondoren zer gertatu zen, erakundeak martxan zuen polizia uholdeari aurre egiteko plana ere, Txikia komandoko kideak babesteko: Beñaran, Zugarramurdi eta Larreategi Alcorcongo etxean ezkutatuta zeudela —hilabete inguru egin zuten han—, erakundeko kideek prentsaurreko bat prestatu zuten Bordele inguruan (Okzitania), ekintzaren nondik norakoen berri eman eta egileek jada ihes egin zutela sinetsarazteko. Bai sinetsi ere, Luis de la Torre epaileak atxilotze agindu bat bidali baitzion Frantziako justiziari.
Ekintzak erantzun polizial nabarmena izan zuen, Hego eta Ipar Euskal Herrian. Baita Madrilen ere. Hasieran, ehundik gora lagun atxilotu zituzten, eta Pedro Barrios gaztea hil –gerora argudiatu zutenez, Mujikarekin nahastu zutelakoan–.
Halere, Poliziak 1974ko irailaren amaierara arte ez zuen jakin zein etxetan egon ziren ezkutatuta Txikia komandoko kideak, Rolando kafetegiaren aurkako atentatuaren osteko atxiloketei esker; ETAk hamahiru lagun hil zituen han. Atxilotuen artean zeuden Forest, Sastre, Duran... Askok torturak salatu zituzten. Gerora, Perez Beotegi eta Mujika ere atxilotu zituzten. Eta horiez gain, inputatu asko izan ziren: Txikiakomandoko kideak ez ezik, Urrutikoetxea, Jose Felix Azurmendi, Mertxe Alkorta, Txomin Iturbe eta beste ere bai.
Bonbak ordainetan
Sumarioak 3.000 orrialde baino gehiago izan zituen, baina auzia 1977ko maiatzean itxi zuten, inor epaitu gabe. Hilabete batzuk geroago, urrian, Espainiako Gorteek Amnistia Legea onartu zuten.
Halere, auzipetuei bestelako ordain bat ezartzen saiatu zen Espainiako Estatua. Carreroren hilketaren ostean, indartu egin zen gerra zikinaren aldeko apustua. Le Monde egunkariak salatu zuen Espainiako zerbitzu sekretuak mertzenario taldeak osatzen ari zirela, eta haiek eginiko lehen atentatua, hain justu, Urrutikoetxearen kontrakoa izan zen; lehergailu bat jarri zioten autoan. Hala hil zuten Beñaran, bost urte geroago. Izan ere, Carreroren hilketagatik inputatutako askok jasan zuten mertzenario taldeen erasoren bat.
Ekintzak eta hark eragindako lurrikara politikoak, baina, modua eman zion ETAri ate batzuk irekitzeko. Paddy Woodworth kazetariak «Espainiako historiaren ibilbidea aldatu zuen» ekintzatzat hartu zuen Carreroren hilketa, eta horrek nazioartean ere izan zuen oihartzuna. Hala, ETAk abagunea baliatu zuen nazioarteari adierazteko atentatuaren atzean ez zegoela soilik talde antifrankista bat, baizik eta nazio askapen mugimendu bat. Hau da, ideologiaz jantzi nahi izan zuen ekintza bera.
Euskal Herrian, berriz, gizartearen parte handi batek ospatu zuen diktadurako presidentearen heriotza. Horren lekuko da ekintza igaro eta berehala Eñaut Etxamendi eta Eñaut Larraldek idatzitako Yup la la! kanta: «In nomine Patri et Filii. / Gora jauntzi ta duzu erori. / Zerurat hainitz baizuen igorri / laguntza ginuen zor Carrerori».
Halere, Espainian eta Hego Euskal Herrian aldaketa ez zen batzuek espero bezain bizkor iritsi. Zenbait historialarik diktaduraren amaieraren hasieratzat jo dute gertaera hura, baina, hasieran, Carlos Arias Navarrok ordezkatu zuen Carrero presidente gisa, eta diktaduraren irekiera sustatu ordez, euskal herritarren kontrako errepresioa areagotu zuen. Hala, trantsizioa ez zen iritsi almirantea hil eta bost urte igaro arte. Franco hil eta bi urtera, eta ETA berriz ere bitan banatuta: miliak eta polimiliak.
Carrero Blanco. Diktaduraren zutabe
Luis Carrero Blanco (Santoña, Espainia, 1904 – Madril, 1973) diktadura frankistako figura nagusietako bat izan zen, katoliko integrista eta antikomunista sutsua. Armadan hasi zuen bere ibilbidea, eta 36ko gerran jada protagonismo handia izan zuen. Almirante izatera iritsi, eta 1939an Armadako Estatu Nagusiko operazioburu izendatu zuten. Gerora, ibilbide politikoari heldu zion, FET y de las JONS alderdian. Francoren konfiantzazko gizon, Espainiako Gobernuko Presidentetzako idazkariorde, Presidentetzako ministro eta presidenteorde izan zen, diktadoreak presidente kargua eman aurretik. Esan ohi da diktadurako fakzio ezberdinen arteko desadostasunei aurre egitea egokitu zitzaiola, eta Espainiako zerbitzu sekretuak garatzeaz eta gerra zikina sustatzeaz arduratu zela.
Ikusi gehiago