Gora Iruñea-k amaitutzat eman du bere egitekoa, eta lekukoa hartzera deitu du

Jai herrikoi eta euskaldunen alde hamarkada batean eginiko lana gogoratu du, eta indarkeria sexistaren aurka eginikoa azpimarratu

Plataformaren logoa, peña baten pankartan, 2012ko sanferminetan. J. M. / FOKU.
Erredakzioa
Iruñea
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Gora Iruñea plataformak ohar baten bidez jakinarazi du bere bidea amaitu duela, eta lekukoa hartzeko deia egin die bide berean lanean jarraitu nahi dutenei. Plataformaren garaia igaroa dela uste dute taldeko kideek, eta adierazi dute beste batzuei dagokiela lanean jarraitzea, «beste jai eredu baten aldeko tresna berriak sortzeko eta Iruñerako jai eredu berri baten alde lanean jarraitzeko eraginkorrak izanen diren bateratze eta aliantza berriak sortzeko».

Plataformak nabarmendu du hamar urte baino gehiago eman dituela bestelako jai batzuen alde lanean, eta «topagune» bat izan dela, besteak beste, auzoetako jai batzordeen, peñen, kultur eragileen, mugimendu feministaren eta euskalgintzaren kolektiboentzat. «Erakutsi dugu ilusioz eta ahaleginez, talde lanetik, beste mota bateko jaiak martxan jar daitezkeela Iruñean».

Gogoratu du denbora horretan jardunaldiak eta eztabaida prozesuak egin dituela jai ereduaren inguruko balioei eta praktikei buruz. «Asko izan dira urte hauetan abian jarri diren tresnak, markoak eta prozesuak, amesten dugun jai eredua pixkanaka gauzatuz joateko».

Bereziki, sexu erasoen kontra eginiko lana nabarmendu du. «Oso lan garrantzitsua egin da herri mugimendua kontzientziatzen gure jaietan gertatzen diren eraso sexistak kudeatzeko». Talde horien artean egindako protokoloa azpimarratu du, udalak berea egin zuen arte espresuki Iruñeko jaietara begira indarrean egon zen bakarra.

2006. urtean sortu zuten Gora Iruñea plataforma Iruñeko Peñen Federazioak eta auzoetako jaietako antolatzaileek. Festa herrikoi eta euskaldunak antolatzeko—Olentzero, esaterako— udalak jartzen zituen trabak eta isunak salatu zituzten; horrez gain, ekitaldi horietan herritarrek parte hartzea galdegin zuten. Helburu hori izanda ere, udalaren debekuei aurre egin behar izan die plataformak; besteak beste, 2013. urtera arte ezin izan zuen bere programa propioa antolatu Iruñeko sanferminetan —2009an egin zituzten ekitaldi batzuk—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak