Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Gora Gasteiz-ek presioa egin du PPren alkatetza eragozteko

EH Bildu, EAJ, PSE, Hemen Gaude eta Irabaziri arduraz jokatzeko eskatu die.«Gehiengoak bizkarra eman dio PPren diskurtso arrazistari»

Gora Gasteiz plataformako hainbat kide, atzo, hiriburuan egindako agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2015eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Astebete falta da Gasteizko alkatea ere hautatzeko, eta giroa pil-pilean dago. PPk lortu zituen boto gehien maiatzaren 24an, baina oposizioak ez du haren zerrendaburu Javier Maroto nahi alkate, eta Gora Gasteiz plataformak berriro egin du presioa PPren agintea eragozteko. «Marotok 'nirekin edo nire kontra' dialektikan oinarritu du hauteskunde kanpaina. Emaitzak oso argiak dira: herritarren gehiengoak gainontzeko erakunde politikoei eman die botoa, eta PPren diskurtso arrazistari, xenofoboari eta su emaileari bizkarra eman dio». PPk bederatzi hautetsi lortu zituen; EH Bilduk, sei; EAJk, bost; PSE-EEk, lau; Hemen Gaude-k, hiru, eta Irabazik, bat. Alkatea izendatzeko bozketan gehiengo osoa behar da; bestela, bozetan boto gehien jasotako taldekoburua jarriko da alkatetzan.

Atzo egindako agerraldian, Gora Gasteiz-ek gogoratu zuen«hiri plurala eta koloretsua» nahi duela eta PPkoak izan ezikbabesa eman dietela jendaurrean gainerako alkategaiek balio haiei. «Adierazpenetatik konpromisoetara eta konpromisoetatik ekintzetara pasatzeko ordua iritsi da. Alderdi interesen gainetik, arduraz eta egoerak eskatzen duen eskuzabaltasunez joka dezatela».

Plataformak ez du EH Bilduren, EAJren, PSEren, Hemen Gaude-ren edo Irabaziren aldeko jarrerarik hartu. Esan duena da hurrengo alkateak «gasteiztar guztien eskubideekin konpromiso sendoa erakutsiko duen pertsona» izan behar duela, hiritarren jatorria kontuan hartu gabe.

Oionen, EAJri boza EH Bilduk

Araban bertan, Oionen, PP izan zen zerrenda bozkatuena udal bozetan (lau hautetsi), gehiengo osoa erdiesteke, eta EH Bilduk jakinarazi du EAJren hautagaia babestuko duela PPk alkatetzan jarrai ez dezan. EAJk bukatu zuen bigarren (lau hautetsi, PPtik 21 botora), EH Bilduk hirugarren (bi aulki), eta PSEk laugarren (bat). EAJk eta EH Bilduk gehiengo osoa dute, beraz. Arabako Errioxako udalik handiena da Oion.

«PPk, diskurtso arrazista eta xenofoboa erabiltzeaz gain, ez dio onurarik ekarri herriari, eta datu sozioekonomikoak oso larriak dira. Izan ere, Oionek Arabako langabezia tasarik altuena du: %24 pasakoa», dio EH Bilduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.