Gora Gasteiz: agur, baina erne

Ibilbidea amaitu du mugimenduak, eta eskubideak murrizteko saioei erantzuteko deia egin du

Gora Gasteiz babestu duten elkarte eta pertsonen agerraldia, mugimenduaren balantzea egiteko. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
«Helburuak lortuta», bere bidea amaitutzat jotzea erabaki du Gora Gasteiz mugimenduak. Jarrera arrazistak salatzeko eta elkarbizitza defendatzeko ideiarekin sortu zen, orain dela bost hilabete. Bitarte horretan helburuak indartu direla uste dute. «Hiriak prestasun handiagoa du gaur kalera ateratzeko, auzokideak laguntzeko eta gasteiztar guztion eskubideak defendatzeko, datozen lekutik datozela», dio Gora Gasteizek bere lanaren balantzea egiteko azken agirian.

Joan den udan gizarte laguntzen araudiaren aurkako kanpaina bat abiatu zuen Alderdi Popularrak. Javier Maroto Gasteizko alkateak diru sarrerak bermatzeko errentaren bizkarretik bizitzea egotzi zien etorkin kolektibo zehatz batzuei bereziki, magrebtarrei. Orduz geroztik, diru sarrerak bermatzeko errentaren baldintzak gogortzeko saioa bultzatzen ari dira Maroto eta PP, eta helburu horrekin sortutako herri ekinaldi bat sustatu dute.

Gertatu denari buruzko azterketa kritikoari eusten diote Gora Gasteiz-eko ordezkariek. «Azken hilabeteotan sortu den egoera erabateko arduragabekeria da, eta ondorio larriak izan ditu».

Horrelako jarrerak onartzeko prest ez daudela nabarmendu dute, horren haritik. «Lau botoren truke pertsonak, eskubideak eta askatasunak gutxietsi, eta ustelkeria ezkutatzeko eztabaida faltsuak sortzeko saioa egingo duzuen aldiro, aurrean izango gaituzue». Hala, «tinko» erantzuteko deia egin dute, eskubideak murrizteko helburuarekin egindako edozein saioren aurka.

Bost hilabetez hamaika jarduera bultzatu ditu Gora Gasteizek. Aipagarriena joan den apirilaren 18an antolatutako jardunaldia izan zen; Arabako hiriburuko kaleak bete zituen orduko hark. «Gasteizko irudi ofiziala aldatu nahi genuen, eta zuri-beltzean margotzen ziguten hiria kolore guztiek osatzen dutela erakutsi».

Egindako lanari «nota ona» jarri diote. Hala ere, azpimarratu dute aurrera begira «bide luzea»dagoela egiteko. Hori dela eta, azken hilabeteotan sortu diren harreman sareei segida emateko konpromisoa agertu dute, garatutako eduki eta helburuak zabaltzeko. «Oinarrizko eskubideetan, norbanakoenetan zeinkolektiboetan, diskriminazioa pairatuko duen edozeinpertsonari eta kolektibori laguntza emateko deia egiten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.