Digitalizazioa eta multinazionalak eskutik doaz sarri, eta horren inguruko kezka piztu da Katalunian ere. Cecilia Bayo (Bartzelona, Katalunia, 1975), beste guraso batzuekin batera, kontaktuan jarri zen eskubide digitalen inguruan lan egin duen Xnet- plataformarekin. Lortu dute Bartzelonako 10-15 ikastetxetan sofware librea probatzen hastea. Beren esperientzia kontatu dute LAB sindikatuak antolatutako Digitalizazio burujabea Hezkuntzan jardunaldietan.
Ikusi gehiago:EZ ETSAI, EZ PANAZEA
Zergatik jo zenuten Xnet-era?
Umeen ikastetxean —Bartzelonako eskola publiko bat— baimena eskatu ziguten G Suite baino jartzen ez zuen gauza baterako. Susmatu genuen Googleri lotutako zerbait izan zitekeela. Eskolako zuzendaritzara jo genuen, eta esan ziguten erreminta pakete bat zela. Xnet-ekin kontaktuan jartzea erabaki genuen.
Familia gehiago ere bazeuden zuen egoeran?
Bai. Kataluniako hezkuntza sisteman publikoan, Google da eskoletako oinarrizko azpiegitura teknologikoen hornitzaile nagusia.
Zer arrisku ditu Googlek?
Datu guztiak digitalak dira, ukiezinak, eta multinazional honen zerbitzarietan daude. Kualitatiboki datu oso preziatuak dira, adin txikikoen informazioa delako. Sinesten dugu Hezkuntza Departamentuaren eta Googleren akordioak adingabeen pribatutasuna babesten duela, baina Google askotan agertu da prentsan adingabeen datuen babesa ez errespetatzeagatik. Gainera, Googlek informazioa beste norbaiti ematen ez badio ere, berak badu, eta ikasleak ohituta daude Googleren produktuak erabiltzen. Azkenik, azterketa pedagogikoa dago. Ez da hezten pluraltasunean, software librean...
Xnet-era jo zenuten. Zer pauso eman dituzue?
Bilerak egin genituen hezkuntza komunitatearekin, irakasleekin, familiekin... jakiteko zer pentsatzen zuten. Ikusi genuen arazoa zabalduta zegoela. Gero, Hezkuntza Departamentuarekin ere jarri ginen kontaktuan, eta hor izan dugun erantzuna aldatuz joan da; pixkanaka sentsibilizatuz joan dira. Kasu egin diguten administrazio publikoetako bat Bartzelonako Udala da: orain bizpahiru urte finantzatu zuten erreminta prototipo bat garatzea Google Work Spaceren alternatiba izan zitekeena. Martxan jarri dugu proba pilotu bat Bartzelonako hainbat zentrotan.
Funtzionatzen al du?
Bai, bai. Software libreko tresnetatik egin dute tira; adibidez, Moodleetik eta Nextcloudetik. Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan probatu da. Oro har, erantzuna ona izan da. Gorabeheretako bat da irakasle batzuk ohituta daudela ingurune batera eta kostatu egiten zaiela aldatzea. Azkenean, ohitu egiten dira. Ikastetxe gehiagotara zabaltzeko, finantzaketa handiagoa behar da.
Digitalizazioa hezkuntzan. Cecilia Bayo. Xnet-en kolaboratzailea
«Googlek daukan informazioa kualitatiboki oso preziatua da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu