Hezkuntzaren digitalizazioa. Cecilia Bayo. Gurasoa eta ekintzailea

«Google erabat hedatuta dago hezkuntza sisteman»

Katalunian digitalizazio demokratikoaren aldeko Xnet kolektiboarekin lan egiten duen guraso sareko kide da Cecilia Bayo. Ostiralean Euskal Herrian izango da, bere esperientziaren berri emateko.

BERRIA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Cecilia Bayok (Bartzelona, Katalunia, 1975) eta harekin jarduten duten beste hainbat gurasok denbora luzea daramate Katalunian ikasgelen digitalizaziorako bestelako eredu bat aldarrikatzen, eta Xnet kolektiboaren laguntzarekin proposamen propioak egin dizkiete Generalitateari eta Bartzelonako Udalari. Ostiralean Errenterian «ziberburujabetza» sustatzeko egingo den Euskal Herria Digitala jardunaldian parte hartuko du.

Zerk eraman zintuen gai honetaz kezkatzen hastera?

Guretzat, eskolatik bidali ziguten paper bat izan zen detonatzailea, haurrek Googleren tresna bat erabiltzeko baimena eskatzen ziguna. Hezkuntza Departamentuak ematen dituen paper estandar horietako bat zen, eskolek deskargatu, inprimatu eta familiei bidaltzen dizkienetakoa. Baina guri deigarria egin zitzaigun halako dokumentu batean Googleren izena aurkitzea.

Paperean ez zen inolako azalpenik ematen: zer tresna erabiliko zituzten, zer egingo zuten datuekin... Ez zuen ezer esaten. Eta galdetzea erabaki genuen. Zenbait familia elkartu ginen eta, pixka bat ikertuta, jakin genuen inguruko zentroetan ere gauza bera gertatzen ari zela. Hau da, Google erabat hedatuta zegoela hezkuntza sistema publikoan. Eta hori duela bi urte eta erdi izan zen, pandemiak ekarri zuen digitalizazio guztiaren aurretik. Orain, larriagoa da.

Eskolako zuzendaritzara jo zenuten lehenik. Zer esan zizuen?

Harritu egin ziren, zentroak bere buruari egin ez zizkion galderak genituelako. Are, esan ziguten Hezkuntza Departamentuak etengabe gonbidatzen zituela zerbitzu horiek erabiltzera, eta Googleren G Suite [orain Google Workspace izeneko] programa paketea ezagutzeko irakasleei formakuntzak eskaintzen zizkiela. Bada, horiek horrela, zenbait gurasok antolatzea erabaki genuen, eta digitalizazio demokratikoaren alde lan egiten duen Xnet kolektiboarekin elkarlanean hasi ginen.

Zein helbururekin?

Ikasgelen digitalizazio prozesuak berme batzuk bete behar dituela iruditzen zitzaigun; eskubide digitalen eta datu subiranotasunaren alorretan zein adingabeen pribatutasunean. Etxe barruko testuinguruan erabakitzen bada haurrak sakelakoa izan eta bere datuak entregatu ditzakeela, ados, baina hezkuntza sistema publikoak ezin du hori modu estruktural eta masiboan egin. Uste dugu ez dela egokia gure eskolen azpiegitura digitala bere negozioa publizitatean oinarritzen duten enpresa multinazionalen esku egotea, eta hori aldatzeko eskatu genion Hezkuntza Departamentuari.

Hainbat bilera izan zenituzten, baina jasotako erantzuna ez da izan espero zenuena, ezta?

Hasierako erreakzioa ona izan zen. Haiek ere harritu ziren gaiarekin, eta interesa zutela zirudien, edo behintzat antzeztu egiten zuten. Baina, Google seinalatzen genuela ikusi zutenean, alertan jarri ziren, Hezkuntza Departamentuak aurretik hitzarmen bat sinatu zuelako enpresarekin, eta aspalditik daudelako harremanetan. Dena den, iazko uztailean konpromiso bat hartu zuten, idatziz, datuen subiranotasunean eta adingabeen pribatutasunaren errespetuan oinarritutako digitalizazio ereduetan sakontzeko. Baina hortik gutxira aurkeztu zuten Hezkuntza Digitalerako Planak justu kontrakoa egin zuen. Eskolak Googleren besoetara bota zituen, eta guri geratu zitzaigun sentsazioa da entretenitu egin gintuztela, hura iritsi bitartean presio mediatikorik ez egiteko.

Zuek ez duzue amore emateko asmorik, ordea.

Guk lanean jarraitu dugu. Programa pilotu bat garatu dugu, eskoletan behar diren tresna guztiak kode irekian eta modu erabilgarrian eskaintzen dituena. Eta, Bartzelonako Udalaren laguntzarekin, dagoeneko hiru zentrotan martxan jartzea lortu dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.