Gonzalezen GALekiko lotura ikertzeko eskatu du Pili Zabalak

Espainiako presidente ohiak atentatuak eta desagertze behartuak egitera bultzatu ote zuen aztertzeko eskatu dio Gipuzkoako Fiskaltzari

Pili Zabala, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalezek GALekin zer lotura zuen ikertzeko eskatu dio Pili Zabalak, Joxi Zabala zenaren arrebak, Gipuzkoako Fiskaltzari. Zabalak joan den ekainean iragarri zuen GAL ikertzeko plataforma independente bat sustatuko zuela, «kasua ikertzen laguntzeko». Sare sozialen bidez berretsi du mezua, eta laguntza eskatu prozesuak aurrera egin dezan: «Agian Erregeek opari utopiko bat ekarri didate, baina zuekin partekatu nahi dut. Utopiak ibiltzeko balio du, eta Felipe Gonzalezek badaki lehenago edo geroago egia horretara iritsiko garela». Fiskaltzari aurkeztutako egitasmoarekin, Zabalak eskatu du ikerketa ekinbide bat hasteko, argitu dadin ea Gonzalezen aurkako salaketa bat jar daitekeen, «ustez GALen bidez atentatuak eta desagertze behartuak egitera bultzatzeagatik». Era berean, exijitu du ikertzeko ea Espainiako presidente kargua baliatu zuen «diru bereizien bidez giza eskubideen urraketa larriak onartzeko, finantzatzeko edo estaltzeko».

Delitu horiek preskribatuta daudela ondorioztatuz gero, eta horrek beste prozesu bat irekitzea eragotziko balu, Zabalak eskatu du Juan Carlos Garcia Goenaren hilketaren kasura gehitzeko. Garcia Goena 1987an hil zuen GALek, Hendaian (Lapurdi), haren autoan lehergailu bat jarrita, eta kasua irekita dago oraindik. Atentatu haren atzean Espainiako Barne Ministerioa zegoela adierazi zuen Jose Amedok, GALeko buru izandakoak: «Rafael Verak badaki nor izan den». Vera Espainiako Gobernuko Segurtasunerako Estatu idazkari zen orduan. Gerora, Segundo Mareyren hilketagatik eta GAL finantzatzeko diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik kondenatu zuten.

Horrez gain, Zabalak gogoratu du AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak, 1984an eginiko txosten batean —duela hilabete batzuk publiko egina—, «terroristak legez kanpo borrokatzeko mertzenario taldeen sorrerarekin» lotu zuela Gonzalez. Zabalak sinesgarritasuna ematen dio CIAren txostenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.