«Konfiantza osoa dut AHTaren txosten teknikoek Gasteizen alde egingo dutela». Hala adierazi du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, politika orokorrari buruzko eztabaidan gaur egin duen hitzaldian, Batzar Nagusietan. Legealdiari buruzko balantzea egin du, eta aurrera begirako erronkak azaldu ditu. Bihar izango da oposizioaren txanda, orain artekoaren analisia egiteko.
Sinetsita dago argia izango dela AHT abiadura handiko trena Arabatik lotzeko apustua, Ezkiokoa baztertuta; Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak defendatzen du azken aukera hori. Beraz, agerian geratu da berriz ere alderdi bereko bi agintarien arteko iritzi kontrajarria. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiari ere galdetu diote horri buruz gaur Euskadi Irratian, eta ez du bataren edo bestearen alde egin, baina eskatu du txosten teknikoak behin betiko amai ditzatela, lanek aurrera egin dezaten. Horretan ados daude hiru foru aldundiak.
Lurraldeari lotutako proiektuei buruz jardun da Gonzalez, industriaren garapena eta gizarte kohesioa nabarmenduta.
Industriari dagokionez, datorren trantsizio digitalean jarri du arreta: «Autoak eta hodiak egiten ditugu, baina Martera iristeko proiektuetan ere parte hartzen dugu». Industriaren sektorea zeharo aldatzen ari dela jakinik, gurpil horri segituko diotela gehitu du. Deskarbonizazioa izan du hizpide. Labrazako parke eolikoa eta Ekionak sustatutako parke fotovoltaikoa azpimarratu ditu, energia berriztagarrien trantsizioan egiten ari diren apustuen erakusgarri. Baina gogoan izan ditu atzera bota diren proposamenak ere, azkena Cantoblancokoa. «Baldintza asko bete behar dituzte proiektu horiek, azkenaldian ikusi dugunez. Baina ezin gara geldirik geratu».
Industria
Ardoaren industriari ere egin dio aipamena. Arabar Errioxako ardoaren sektorea krisi larrian dago. «Ardoa edateko ohitura aldatu egin da, eta azken urteetan gehiegizko produkzioa ere egon da». 25 milioi euro eman dizkio aldundiak sektoreari azken urteetan, baina onartu du hori ez dela konponbidea. «Egoera berrira egokitu beharra daukagu. Prozesu estrategiko baten buru izango naiz, sektorean dauden eragileekin batera». Arlo horretan, esan du aurrerapausoak ematen segituko dutela Edariak eta Ardoa EDA Drinks & Wine proiektuan. Ardoaren campusa izatea du xede, Basque Culinary Centerrekin elkarlanean. Lizitazioak egitear daude, obrak has daitezen.
Gizarte kohesioa hizpide hartuta, esan du «arabar guztiek bizitza duina izatea» dela bere lehen kezka. Besteak beste, aipagai izan ditu etxebizitza erosteko eta alokatzeko laguntza lerroak. Baita indarkeria matxistari aurre egiteko eta berdintasuna sustatzeko planak ere, sail guztietan, zehar lerro gisa.
Horretaz gain, jakinarazi du luzatu egingo dutela 30.000 euroko errentatik beherakoentzat PFEZean ezarritako 200 euroko kenkaria.
Hitzaldi gehiena gaztelaniaz egin du. Euskaraz aritu den zatietako batean, aipatu du euskara kohesiorako tresna dela, eta enpresetako euskara batzordeekin, euskara teknikariekin eta sortu diren euskara batzordeekin lantzen ari direla euskararen normalizaziorako 2025-2029 plan estrategikoa.
Elkarrizketa eta kolaborazioa eskaini dizkio oposizioari, eta lehen mugarria aurrekontuetan jarri du. EAJ-PSEk osatutako gobernuak ez du gehiengorik Araban. 51tik 24 batzarkide dituzte. Ez zuten akordiorik lortu aurrekontuetarako, eta aurrekoak luzatu zituzten. 2025ekoak lantzen hasiak daudela aurreratu du Gonzalezek.
Ez du aipamenik egin Gernikako Estatutuari buruz, ezta estatutu berriari buruz duen jarreraz. Bihar izango da oposizioaren txanda.