Gonzalezek eta Elkarrekin-ek azaldu dute «bide onean» doala Arabako aurrekontuen negoziazioa

Ahaldun nagusiak uste du Elkarrekin-en proposamena «errealista» dela. Koalizioa prest dago fiskalitatearen inguruko akordio bat egiteko.

Ramiro Gonzalez, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Ramiro Gonzalez, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko azaroaren 12a
14:55
Entzun

Eusko Legebiltzarrean soilik ez, Batzar Nagusietan ere ari dira gauzak mugitzen. Bizkaian ez bezala, Araban eta Gipuzkoan foru aldundiek ezinbesteko dute gutxienez oposizioko alderdi batekin akordio bat ontzea 2025erako aurrekontuak aurrera atera nahi badituzte. Bide horretan, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak adierazi du «indar handiagoz» ari direla negoziatzen EH Bildurekin eta Elkarrekin koalizioarekin. Halere, ez du baztertu PP ekuaziotik.

EAJk eta PSE-EEk 51tik 24 eserleku dituzte Arabako Batzar Nagusietan. Beraz, oposizioko gutxienez bi parlamentariren babesa behar dute gehiengo osoa eskuratu eta aurrekontuak aurrera ateratzeko. Hiru aukera dituzte horretarako: EH Bildu —hamalau kide ditu—, PP —bederatzi— eta Elkarrekin —hiru—.

Gonzalezek gaur esandakoen arabera, ez du baztertzen PPrekin negoziatzea, baina hori proiektua Batzar Nagusietan aurkeztu osterako utzi du. Beraz, badirudi ezkerrera begira ari dela foru gobernua. Izan ere, jada negoziatzen ari da EH Bildu eta Elkarrekin alderdiekin, eta, bi horien proposamenen artean, koalizio morearena nabarmendu du ahaldun nagusiak. Hura «serioa eta errealista» dela adierazi du, eta lantzeko prest azaldu da.

Eta negoziazioen inguruko balorazio positiboa egin du Elkarrekin-ek ere. Arabako Batzar Nagusietako eledun David Rodriguezek azaldu du elkarrizketak «bide onetik» doazela: «Ados jartzear gara gai oso garrantzitsuetan». Zehazki, etxebizitza, zaintza, osasun mentala eta garraio publikoa dira jorratzen ari diren lau ardatz nagusiak, haren esanetan.

Gonzalezek eta Rodriguezek, baina, ez dute argi ostiralerako akordiorik egingo dutenik. Orduan onartuko du Arabako Foru Aldundiak aurrekontu proiektua. Halere, gerora ere hitz egiten jarraitzeko prest azaldu dira. Eta, batera edo bestera egin, Gonzalezek urtea amaitu aurretik adostu eta onartu nahi ditu aurrekontuak: «Lan handiko egunak dira. Esperantza dugu negoziazioek akordio batera eramango gaituztela».

Aurrekontuen aferarekin batera, alderdiek mahai gainean dute fiskalitatearen gaia ere. EAJk eta PSE-EEk azaldu zuten hiru foru aldundietara begirako akordio bat egin dutela bien artean, eta hurrengo urratsa izango dute oposizioko alderdiekin horien inguruko negoziazioak hastea. Izan ere, aurrekontuen kasuan bezala, Araban eta Gipuzkoan ez dute erreforma fiskal bat euren kabuz gauzatzeko nahikoa indar.

Horiek hala, Rodriguezek baieztatu du Elkarrekin EAJrekin eta PSE-EErekin negoziatzen ari dela, hiru lurraldeetan eragiteko asmoz; haien botoek modua eman dezakete Araban eta Gipuzkoan erreforma onartzeko. Argudiatu du eurek akordio bat egitea aukera bat dela fiskalitateak «ezkerrera» egin dezan. Kontrara, salatu du «eskuinera» egingo lukeela PPrekin adostuko balute, eta «zentrora», berriz, EH Bildurekin eginez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.