Goñik Espainiako Bankua erabili du bere kudeaketa defenditzeko

Egoera hobean zegoela zioten Espainiako Bankuaren aipuak erabili ditu. Soldatapeko salatzaileek gezurra esan izana kritikatu du

Antonio Pulido eta Enrique Goñi Banca Civicako presidente ohiak. FERNANDO ALVARADO / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Déjà vu Espainiako Kongresuan. 2013ko otsailaren 20an egin bezala, Enrique Goñik atzo aldarrikatu zuen Nafarroakoa Kutxari gertatutakoak ez duela erlaziorik iritzi publikoak urte guztiotan jaso duen informazioarekin. «Ni oso interesatua nago hona etortzearekin eta hitz egitearekin. Gertatutakoarekin alderatuta, 180 graduren aldea duten interpretazioak pairatu behar izan ditugu». Hainbat aldiz soldatapeko salatzaileei bota zien errua. 2002tik 2010era Nafarroako Kutxako zuzendari gisa eta 2012ra arte Banca Civicako presidente gisa egindako kudeaketa defenditzeko Espainiako Bankuaren txosten batzuetan hiru hilean behin errepikatutako aipuak irakurri zituen.

«Iritzi gutxi eta informazio asko» emango zuela iragarri zuen, hasieran, Goñik. EAJko Idoia Sagastizabalek galdetu zion ea zer iritzi zuen bere kudeaketaz. Orduan, 2002tik 2013ra bitartean Espainiako Bankuko hainbat txosten ekarri zituen gogora. Goñik nabarmendu nahi izan zuen Espainiako Bankuak 2002an bere izendapenari eta zuzendaritza taldean izandako aldaketari ongietorria egin ziola eta merkatu kuota irabazteko «dinamika komertzial ona» hartu zuela. Krisiaren aurrean, CANek eraikuntza eta higiezin sektorearekiko menpekotasun txikiagoazuela, eta arrisku kudeaketa hobea egin zuela zioen. «Hori ez dio Enrique Goñik, Espainiako Bankuak baizik», nabarmendu nahi izan zuen Goñik berak.

Espainiako finantza krisiari buruzko batzordea zen hura, eta Sagastizabalek gogora ekarri zion Goñiri Espainiako Bankuak berak «zalantzan» jarri zituela egindako txostenak, eta onartu zuen ez zuela nahikoa baliabiderik finantza erakundeen zaintza egokia egiteko, eta «finantza krisiari buruzko irakurketa desegokia» egin zela.

Goñik bereari eutsi zion, ordea. Haren ustezko kudeaketa ona aldarrikatzeko, arrazoitu zuen 2002an berankortasun tasan Espainiako kutxen sistemako hamazazpigarren postua bazuen 2012an zortzigarren zegoela. Ironikoki, urte hartan Caixabankek xurgatu zuen CAN, eta erakundearen ahalik eta kontrolik handiena izateko zereginean porrot egin zuen. Orain, bost urte geroago, garai hartan beste kutxa batzuk egoera okerragoan egotea argudio gisa erabili du bere kudeaketa defenditzeko.

«Ez dago aurrezki kutxarik»

Parlamentuan 2013an egin bezala, Goñik ukatu egin zuen CAN desagertu dela. «2012ko errege dekretutik ez dago aurrezki kutxarik, bi erakunde salbu. Gainerakoak fundazioak dira, eta fundazio guztien artean CANek zortzigarren ondarea du». Era berean, EH Bilduko Oscar Matutek galdetu zion nolatan 1.200 milioi euroko ondarea zuen erakundea 200 milioi euroren truke saldu zitzaion Caixabanki. Beste behin, mila milioi euroren galera horren atzean kudeaketa txarra dagoela ukatu zuen. Haren hitzetan, CANen maileguen berankortasun tasa %3tik %10era handitu zen, eta mila milio euroak funtsean arrisku hori estaltzera zuzendu behar izan zituzten.

Halaber, Matutek galdetu zion Ricardo Marti Fluxa Espainiako Barne Ministerioko Segurtasun idazkari ohia administrazio kontseiluan sartzen lagundu ote zuen, eta torturatzeagatik zigortutako Guardia Zibilaren bi agintari sartu al ziren CANen segurtasun arloan lan egitera. Goñik ez zuen erantzun, soilik esan zuen «soldatapeko salatzaileen» gauzak direla horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.