Goñik esan du ez duela probetxurik atera CANetik, herritarrek irabazi dutela

Nafarroako Kutxa ez dela desagertu, «eraldatu» dela azaldu du zuzendari ohiak, ikerketa batzordean. Hitzokin herritarrak «iraintzea» leporatu diote

Enrique Goñi, ikerketa batzordeko presidente Unai Uhalderekin, atzo. I. URIZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Enrique Goñi Nafarroako Kutxako (CAN) zuzendari ohiak ziurtatu du ez zuela probetxu pertsonalik atera CANen desegite prozesutik. Adierazi du kutxa «eraldatu» egin dela, eta nafarrek ez dutela dirurik galdu, «irabazi» baizik. Azken urteetako CANen kudeaketa ikertzeko Nafarroako Parlamentuko batzordean parte hartu du Goñik. Aurreko legealdiko hondarrean sortu zuten lantaldea, eta hainbat txosten jaso eta aztertu ostean, hasi dira kutxan ardura karguak izan zituztenen deklarazioekin.

Zuzendari izandakoak nabarmendu duenez, erakundeak ez zuen «porrot» egin. «Esan daiteke kutxen sistema dela desegin egin dena, hori da zuzenena. Nafarroako Kutxa eraldatu egin da, hori da errealitatea. Beste kutxa batzuk ez dira eraldatu, likidatu egin dira, porrot egin dute, baina horrek [CANek] ez».

Goñik «trantsizio» gisa definitu du lehenik Banca Civicarekin bat egitea eta gero CaixaBankek CAN erosi izana, eta adierazi du hori egin behar izan zutela 2010eko finantza krisia dela eta. Dena den, azpimarratu du «jarraitutasuna» bermatu zutela. Kutxaren bezeroen gordailuak ez zirela arriskuan jarri azaldu du, eta Nafarroako herritarrek, oro har, «irabazi» egin dutela gertatutakoarekin. Argudiatu du CaixaBanken aldetik herritar bakoitzeko gizarte ekintza inbertsio handiena jasotzen duela Nafarroak. Halaber, azpimarratu du prozesu horretan akzioak erosi zituztenek ere dirua irabazi dutela.

Kutxa desagertzera iritsi aurretik, baina, CANen zuzendari eginiko zortzi urteetan eta Banca Civican eginiko bietan hartutako erabakietan izandako galerak ere leporatu izan dizkiote Goñiri. Hazkundea izan zuen iparrorratz urte horietan: besteak beste, gastuak nabarmen gehitu zituzten bulegoak irekitzeko —Washingtonen, esaterako—, lan kontratuetan, eta inbertsioak egiteko beste enpresa batzuetan. Hark, halere, ukatu du «gehiegikeriarik» egin zutela, eta Espainiako Bankuak fiskaltzari bidalitako txosten bat aipatu du. Azaldu duenez, horrek dio Nafarroako Kutxak sektorearen joera orokorrak izan duen baino «jokabide hobea» izan duela,Goñiren arabera, «baliabideen egituran handizkako finantzaketak duen pisuan, berankortasunean, eraginkortasun mailan, funtzionamendurako gastuen proportzioan, edota esplotazio tarte errepikarian».

Dena «erreala»

Polemika iturri izan dira, halaber,hainbat agintari politikok CANetik jaso zituzten dietak. Goñik adierazi du «eduki errealeko eta zerbitzu errealei buruzko bilera errealei» zegozkiela, eta adierazi du Auzitegi Gorenak hala berretsi zuela Iruñeko 3. Instrukzio Epaitegiak abiatutako ikerketa baztertu eta auzia artxibatzeko erabakian. Horrekin batera, ukatu du kutxak soldata gehigarriak banatzen zituela.

Bere «zintzotasuna» defendatu du Goñik. Nabarmendu du kutxaren kudeaketari lotuta hainbat salaketa aurkeztu dituztela, baina, azken bost urteetan, inork ez duela deitu deklaratzera. «Instrukzio judizialari eta Udefen [Delitu Ekonomikoen Poliziaren] txostenei esker nire zintzotasun erabatekoa ziurtatu dezaket». Zehaztu du Poliziak, Espainiako Bankuak eta epaileek ikertu dutela. «Toki guztietatik behatu gaituzte; ez dago ezer, ezin da ezer egon».

2016ko otsailean aurkeztu zuen Udefek azken txostena, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak eskatuta. Aztertutako dokumentuetan Poliziak ez zuen legez kanpoko jardunik aurkitu. Dena den, agerian utzi zituen Goñik CANen izandako arduren eta hark irabazitako diruaren arteko loturak. Kutxaren buruan egon zen azken urteetan zortzi urte lehenago zuen soldataren halako zazpi eskuratu zuen, eta CANek inbertitutako hainbat enpresatik ere dirua jasotzen zuen, kontseiluetako kide gisa.

Agerraldiaren ondoren, gobernuko lau taldeek esan dute Goñik bere azalpenekin «iraindu» egin dituela herritarrak. UPNrentzat, CANen zuzendaritzan egon zirenen «independentzia» utzi du agerian. PSNren ustez, ez du hitz egin erantzukizun politikoez. Eta PPk laukoari leporatu dio batzordea bere interesen alde erabiltzea.

Ikerketa batzordeak bederatzi agerraldi ditu aurreikusiak; besteak beste, Yolanda Barcina eta Miguel Sanz Nafarroako presidente ohienak. Ekainaren 30erako bukatu beharko luke txostena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.