Abuztuaren 2an hogei guardia zibil, metrailadoreak eskuan hartuta, Barañaingo etxebizitza batean sartu ziren, Luis Goñi eta Xabier Sagardoi ezkutatutako gazteak atxilotzeko aginduarekin. Hori horrela, Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak «erokeriatzat» jo du jarduera politikoa egiteagatik zigortutako gazteekiko elkartasuna delitutzat hartzea. «Babesa erakustea egintza kriminaltzat hartzen da, eta hori tradizio demokratiko eskaseko estatuetan bakarrik gertatzen da», salatu du Maider Caminos eledunak.
Atzo eguerdian prentsaurrekoa egin zuen Eleak-ek Barañainen. Bertan, argi utzi nahi izan du ez dituela horrelako miaketak toleratuko. Horrez gain, gazteei elkartasuna eta konpromisoa erakusteagatik egun milaka nafar ikertuak izan daitezkeela nabarmendu du: «Dirudienez, Espainiako segurtasun indarrek nahi dutena egiteko eta gure etxeetan nahi dutenean sartzeko baimena dute».
Bestalde, nazioarteko zuzenbideak aitortu eta Espainiako Konstituzioak 18. artikuluan jasotzen duenez, norbanakoaren intimitate eskubidea eta bizilekuaren bortxaezintasuna oinarrizko eskubideak direla gogorarazi du Eleak-ek, eta Espainiako Gobernuari bere legedi propioa urratu izana egotzi.
Norbanako baten etxebizitzaren miaketa baimentzeko epaile batek oinarri sendoak behar dituela gaineratu du Caminosek: «Auzitegi Gorenak aurrez ezarritako jurisprudentziak adierazten duen moduan, eskaera justifikatzeko ez da nahikoa sekretupeko iturri edo albisteetan oinarritutako Poliziaren aipamen bat; horretarako aztarna, arrazoi indartsu eta uste sendoak behar dira». Alegia, erantzukizun kriminalaren zantzuak egotea beharrezkoa da horrelako miaketa bat onartzeko.
Eleak-eko kideen arabera, miaketak agerian uzten du operazioa baimendu duen epaileak modu arbitrarioan jokatu duela, oinarrizko eskubideen ezinbesteko bermearen gainetik, Poliziaren presioa lehenetsi baitu. «Epaileek eta poliziek halako arinkeria eta zigorgabetasunez jokatu izanak erakusten du oinarrizko eskubide politiko eta zibilen jardunerako dagoen segurantzarik eza», gaineratu du Caminosek.
Herria, guardia zibilez beteta
Azken asteotan Barañainenguardia zibilen etengabeko presentzia dagoela salatu dute Eleak mugimenduko ordezkariek. «Horrek pentsarazten digu gerta litekeela oraindik miaketa arbitrarioak egiten jarraitzea eta herria mendean hartzeko errepresio estrategia amaigabea izatea», gaineratu du Caminosek. Estrategia hori itsutzat eta erotzat jo dute, eta estatuak hasitako «sorgin ehiza» gehiengo sozialak eskubide zibil eta politikoen defentsan hartutako konpromiso aktiboak bakarrik geldi dezakeela nabarmendu dute.
Atzo ere guardia zibil ugari zeuden Barañaingo Gaztainondoko plazan. Horregatik, bakean uzteko aldarria egin du Caminosek: «Prentsaurreko honen harira, Guardia Zibilak mehatxu egin digu sakabanatu egingo gintuela hogei pertsona baino gehiago baldin baginen gertakariak salatzen. Itogarria da denbora guztian gainean egotea, eta hori behin betikoz bukatzea nahi dugu».
Hala eta guztiz ere, bi gazteekiko konpromisoa berretsi dute Eleak-eko partaideek. Bestalde, Euskal Herriaren bake eta askatasun irrika desegin nahi duten «neurri bidegabeei» amaiera emateko dinamika guztiekin ere bat egin dute. «Elkartasunetik konpromisora egin dugu salto, eta horregatik, etxeko ateak zabalik ditugu oraindik ere», adierazi du Caminosek.
Prentsaurrekoan, Bertolt Brecht poeta alemaniarrak nazismo garaian idatzitako poema ezagun baten hitzak bereganatu eta elkartasunari irmo eutsiko diotela azpimarratu nahi izan dute.
Iragan hilabetean Espainiako Auzitegi Gorenak 8/10 sumarioko bost auzipetuetatik Maider Caminos, Mikel Jimenez eta Aritz Azkona absolbitu zituen, eta Luis Goñi eta Xabier Sagardoi zigortu, Auzitegi Nazionalak jarritako sei urteko espetxe zigorra berretsiz. Behin-behineko espetxealdian hiru urte eta erdi egon direnez, defentsa abokatuak kalkulatzen du beste bi urte eta erdi egin ditzaketela zigorra bete arte. Epaia atera zen egunetik ezkutatuta daude Barañaingo bi gazteak, eta orduan ateratako bideo batean adierazi zutenez, ez dute absoluzioa ez den beste epairik onartuko.
Giza katea, irailaren 20an
Azken hilabetean, herri harresia sendotzeko, eta auzipetuak lehenbailehen absolbitzeko eskatuz hainbat mobilizazio egin dira Iruñean zein Barañainen. Amaiurren ere ekitaldi berezia egin zuten uztailaren 27an, eta berriki beste bi ekitaldi iragarri dituzte. Datorren irailaren 4an arratsaldeko seietan batzar irekia egingo da Barañaingo udaletxeko plazan, sozializazio eta aldarrikapen lanak hartzeko. Horrez gain, irailaren 20an, Barañainen bertan, eskualde mailakoa izango den giza kate bat egitera deitu dute Eleak mugimenduko kideek.
Goñi eta Sagardoi atxilotzeko asmoz eginiko miaketa salatu du Eleak-ek
Jakinarazi dute abuztuaren 2an hogei guardia zibil Barañaingo etxe batean sartu zirela metrailadoreekin, ezkutatutako bi gazteen bilaSegurtasun indarrek «nahi dutena egiteko baimena» dutela salatu du elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu