Goñi: «Emazteari lanaldia luzatu bagenio, Cerverak ez zuen CAN kritikatuko»

Enrique Goñiren arabera, Santiago Cerverak Nafarroako kutxarekiko jarrera errotik aldatu zuen 2009an arrazoi pertsonalen ondorioz

Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohia, atzo, epaitegira iristen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
«Hastekoa da bi axeri hauen ikuskizuna». Cervera auziko azken saioa hasi aurretik, horrela agurtu zuen ezagun bat Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohiak. Santiago Cervera PPko diputatu ohiaz eta Sergio Gomez abokatuaz mintzo zen. Behin epailearen aurrean, Goñik azaldu zuen Cerverak arrazoi pertsonalak izan zituela Nafarroako Kutxaren aurka jotzeko. Haren esanetan, 2009a baino lehen, Cerveraren aldetik «dena goraipamenak eta gorazarreak ziren», eta hori egiaztatuko luketen gutunak zituela esan zion epaileari. Goñik azaldu zuenez, CANek 2008ko martxotik 2009ko otsailera kontratua egin zion Monica Ridruejo Cerveraren orduko emazteari, baina amaitutakoan ez zioten kontratua berritu: «Bakoitzak nahi duena interpretatu dezake, baina eragina izan zuen. Kontratua berritu izan bagenio, [Cerverak] ez zuen Nafarroako Kutxa kritikatuko».

Goñi saiatu zen Cerverak bidali zizkion gutunen edukia aipatzen, baina epaileak labur aritzera behartu zuen. Haren esanetan, 2005ean Cerverak «zirraragarritzat» jo zuen aurrezki kutxa eraldatzeko Goñik abiatutako prozesua. «Nafarroako historia ekonomikoaren mugarri garrantzitsuenetako bat da», aipatzen zion Cerverak gutun batean, Goñiren arabera. Gaineratu zuenez,2007an Monica Ridruejo orduko emaztea kontratatzeko eskatu zion gutunez, eta hala egin zuen aurrezki kutxak urtebetez.

Behin Santiago Cervera Nafarroako Kutxa kritikatzen hasi zenean, jarrera aldaketa horrek aurrezki kutxa barruan tentsiorik eragin izana ukatu zuen. Defentsa abokatuak galdetu zion ea «Gobernuko presidente batek»[Miguel Sanzek] kereila bat aurkeztearekin mehatxatu al zuen Cervera, eta honako hau erantzun zuen Goñik: «Ez dut gogoan». Haren esanetan, Cerverari buruz ez zen hitz egin administrazio kontseiluetako bileretan, eta CANek ez zuen Cerverari buruzko txosten berezirik egiteko eskatu: «Nik dakidala hori ez da egin».

Jose Antonio Asiain CANeko presidenteak xantaia mezua jaso ostean, haren berri eman zion Goñiri. Une hartan, Jose Antonio Asiain CANeko presidente zen, nahiz eta aste gutxira kargua galdu. «Garai hartan alboko gisa lan egiten nuen, ordainsaririk jaso gabe». Haren esanetan, 2012ko abenduaren 7an, Asiainekin hitz egin zuen telefonoz eta ustezko xantaiagileak bere mehatxua betez gero, iritzi publikoaren aurrean eman beharreko mezuaren gomendioak pasa zizkion Goñiri. Goñik, berriz, aholkuok Brandok komunikazio taldeari pasatu zizkion —Diario de Navarra egunkariaren La Informacion taldeak sortutako agentzia da—. Goñik ukatu zuen Brandok-ek Cerveraren adierazpen publikoen jarraipen berezirik egin duela: «Ez da egia; ez dut horren berririk».

Mezuan, xantaiagileak mehatxatu zion Jose Antonio Asiaini bere abokatu bulegoaren bidez etxe kaleratzeetan aurrezki kutxaren aldeko zerbitzua eskaintzen zuela. Asiainek ukatu zuen hori astelehenean, baina onartu zuen Diego Asiain Valdelomar semeak 2004tik hartu zuela bere eskari zorroa. Atzo, Goñik aipatu zuen CANek kontratatutako abokatu bulegoei buruzko «azaleko ezagutza» zuela.

CANen abokatu bulegoak

Alberto Sanado CANeko zerbitzu juridikoetako buruaren hitzetan, Nafarroan «zazpi abokatu bulegok» lan egin zuten kutxarentzat eta Asiainen semearena horietako bat zen: «Prozedura hipotekarioez eta exekutiboez» arduratzen zen. Bulegook kontratatzerakoan ez zen konkurtsorik egiten, eta CANeko zuzendarien ezagutzaren arabera egiten zen. «Auzien arrakastaren arabera» lotzen zen kontratua: «Auzietan, Nafarroako Kutxak bezeroaren zorra berreskuratzea lortuz gero fakturatzen zuten». Asiain Valdelomarrek esku artean izandako prozedura kopururik ez zuen zehaztu, baina bere aurretik «beste hiru bulego» zeudela aipatu zuen.

Diego Asiainen anaia Iñigok ere deklaratu zuen atzo. Anaiarekin elkarlanean aritzen zen. 2012ko abenduko zubi-egunetan Vietnamen zen oporretan. Asiaini bidalitako xantaia mezuaren IP zenbakiaren jatorria Hong Kongen (Txina) zegoenez, galdetu zioten ea hark bidali zuen mezua. Iñigo Asiainek irmo ukatu zuen.

Era berean, Eloy Villanueva PPko parlamentari ohia izan zen eguneko beste protagonista, Villanueva atzo «minduta» azaldu zen Cerverak komunikabideetan tranpa jarri izana egotzi diolako: «Nirekin bidegabea izan dela deritzot. Hala ere, defentsak gezurra esatea ahalbidetzen duenez, hori estrategia prozesalaren parte dela ulertzen dut».

Atzo amaitu zen epaiketa. Azken erabakiaren zain, froga argirik ezean absoluzioa espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.