Gomuta, iruditara ekarria

Periko Solabarriaren ibilbideari buruzko dokumentala aurkeztu dute egunotan Meatzaldean eta Ezkerraldean (Bizkaia), haren heriotzaren urteurrena dela eta.

Joan den asteazkenean Barakaldon egindako emanaldia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Barakaldo
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Joan den mendearen erdialdean, immigrazio masiboaren eta jaiotza tasaren gorakadaren garaian, eskolatzea arazo larria zen Bizkaiko Ezkerraldeko zenbait herritan: eskoletako tokiak ez ziren aski ume guztiak hartu ahal izateko. Periko Solabarriak (Portugalete, Bizkaia, 1930-Bilbo, 2015) eskola atondu zuen Barakaldoko (Bizkaia) Bagatza auzoan, eliza azpiko sotoan.

Ander Lopez Lerenaren osaba-izebak ere (Bilbo, 1996) egon ziren Solabarriaren sotoan abaroa topatu zuten ume haien artean. Geroztik, Lopezen sendiak nolabaiteko harremana izan zuen Solabarriarekin, Barakaldoko beste familia askok bezala. Lopezek berak bazuen beti pobre eta zapalduen alde paratzen zen apaiz ohi eta borrokalari nekaezin haren aditzea, eta agurtu egiten zuen supermerkaturako bidean ikusten zuenean. Baina bestelako harremanik ez.

Orain, Perikoren bila izeneko dokumentala aurkeztu du Lopezek, Solabarriaren heriotzaren urteurrenarekin bat —lau urte bete ziren joan den astelehenean—. Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak amaitu berri ditu, orain Publizitate eta Harreman Publikoetakoak ari da egiten, eta gradu amaierako lan gisa egin du Solabarriari buruzko dokumentala.

Irudien xerka

Aitortu duenez, ideia aspalditik zebilkion buruan, baina asmotik harago joatea erabaki zuen Periko gazteekin hizketan (Txalaparta, 2015) liburua irakurri zuenean. Ernaiko gazteek Solabarriarekin izandako elkarrizketak biltzen ditu liburu horrek: «Pasarte batean agertzen da, bidenabar bezala, Periko kameraren aurrean jartzen zela; horrek esan nahi zuen liburuaren oinarri den elkarrizketa bideoz grabatu egin zutela». Kamera baldin bazegoen, irudiak ere egongo ziren; eta irudi horiek aurkituz gero, egitasmoa gorpuzten hasiko zen.

Perikoren bila dokumentalean, berreskuratutako irudi horiek dira ardatz nagusia. Baina askoz gehiago agertzen da filmean.

Solabarria gertutik ezagutu zutenen testigantzek ere hartzen dute dokumentalaren zati handi bat. Haietako asko burkide izan zituen jarduera politikoan —Arnaldo Otegi, Itziar Aizpurua, Pako Letamendia, Jose Angel Iribar—, edo elkarrekin egon ziren espetxean —Xabier Amuriza—, baina Trianon (Abanto, Bizkaia) eta Barakaldon lagun eta auzokide izandako pertsona ugari ere agertzen dira. Batzuentzat, Alfonso Garcia Alonso Barakaldoko alkate ohiarena (PSE-EE) izango da testigantzarik harrigarriena, oso bestelako ideia politikoak zituztenen artean ere Solabarriak sorrarazten zuen miresmen eta begirunearen adierazgarri.

Gaztea da Ander Lopez, eta gazteak ziren Periko gazteekin hizketan liburua atondu zutenak. «Perikoren eta gazteen arteko harremana bitxia zen», azaldu du Lopezek. «Jende askok egin zion biografia idazteko proposamena, eta denei ezezkoa eman zien, protagonismorik nahi ez zuelako. Baina Ernaik liburua egitea proposatu zionean, eta argudio gisa esan ziotenean belaunaldi gazteentzat baliagarri izan zitekeela, baiezkoa eman zuen».

Eta zerk erakartzen ditu belaunaldi gazteak Solabarriarengana? «Nik uste dut gazteek konpromisoa, samurtasuna eta apaltasuna ikusten dutela Perikoren nortasunean», esan du Lopezek, «eta horregatik miresten dute. Beste aldetik, Periko ere gazte sentitzen zen gazteen artean».

Ertz askotakoa izan zen Solabarriaren ibilbidea: gerra ezagututako umea, apaiz langilea, frankismoaren kontrako borrokan espetxea pairatutakoa, ezker abertzalearen kide historikoa, Espainiako Kongresuko diputatu aukeratu zutenean Arrontegiko zubian peoi gisa lanean jarraitu izana eta, azken urteetan, borroka sozial guztietan lehen lerroan zegoen ekintzaile grinatsua.

Borroka feminista

Ertz horiek guztiak agertzen dira dokumentalean, eta orain arte oharkabean pasatu diren beste batzuk ere bai. Adibidez, borroka feministari eta, bereziki, indarkeria matxistaren kontrakoari zion atxikimendua: «Oso deigarria da ikustea gizonezko heldu batek, gainera apaiz izan zenak eta tradizio kristautik zetorrenak, nolako sentsibilitatea zuen gai horrekin. Jaso ditudan testigantzen arabera, badirudi hori ez zela berria: Santa Teresa parrokian abade zenean, aholku eske joaten zitzaizkion emakumeei esaten zien haurrik izan nahi ez bazuten bikotekidearekin hitz egiteko preserbatiboa erabil zezan. Hori pentsaezina da frankismoaren garaiko apaiz batengan».

Pasadizo jakingarri asko bildu ditu Lopezek pelikula egiteko dokumentazioa jaso bitartean. Adibidez: Solabarriak ez zuen autorik, eta Herri Batasunaren mahai nazionaleko bileretara joateko, Jose Angel Iribar mahaikide eta Athleticeko jokalari ohia bila joan ohi zitzaion Arrontegiko zubian zeukan lantokira: «Ikustekoa zen behargin guztien harridura Iribar agertzen zenean». Pasadizo horietako batzuk agertzen dira filmean, baina askoz gehiago daude, ikusleek erakutsi zuten moduan joan den asteazkenean, Barakaldon egindako emanaldiaren osteko solasaldian.

Haren heriotzaren urteurrenarekin batera, hiru emanaldi egin dituzte dokumentala aurkezteko, Gallartan (Abanto, Bizkaia), Barakaldon eta azken urteetan bizitoki izan zuen Lutxana auzoan (Barakaldo). Jende asko egon da aurkezpenetan, eta ez soilki ezker abertzalekoa: «Perikok ezker abertzalea aukeratu zuen militantzia toki gisa, baina inori ez zion agiririk eskatzen. Edozein laguntzeko prest egoten zen».

Dokumentalaren inguruko albistea hedatu ahala, beste toki askotatik iritsi zaie Lopezi eta filmaren ekoizpenean laguntzaile izan duen Periko Solabarria Elkarteari dokumentala proiektatzeko gonbidapena, baita Bizkaitik kanpo ere. Seguru asko, uda ostean ekingo diote horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.