Gomez Nieto, Lasa eta Zabalaz: «Bi tiro buruan, kaputxarik gabe»

Zabalzaren torturei buruzko grabazioan, entzuten da nola Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketaz ere azalpenak eman zizkion Gomez Nietok Peroteri. EH Bilduk torturez galdetzea galarazi dute PPk eta Voxek

MADDI SOROA / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun

Mikel Zabalzaren tortura eta hilketaren auzian, azken orduetan harrabotsa sortu du Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen duen grabazioak. Artxibo horretan, argi entzun daiteke nola Gomez Nietok aitortzen duen Zabalza torturatuta hil zutela Intxaurrondo kuartelean, poltsa jarrita. Atzo, ordea, elkarrizketa horren bertsio luzeago bat zabaldu zuen BERRIAk, eta horretan, Gomez Nietok Peroteri azaltzen dio Joxean Lasa eta Joxi Zabala «buruan bi tiro» emanda hil zituztela.

[Youtube]https://youtu.be/iThtWQWwRNs[/Youtube]

Lehenbizi, Gomez Nietok harrituta galdetzen dio Peroteri, hark Zabaltzaren hilketaz galdetuta: «Interesatzen zaizu? Gai horretarako hots egin didazu? Hain interesgarria eta hain inportantea al da Etxearentzat?». Perotek Lasaz eta Zabalaz galdetzen dio orduan, eta Gomez Nietok ematen dio azalpena: «Hori bi tiro izan ziren buruan, kaputxarik gabe». Peroteren zehaztapena orduan: «Alegia, hil egin zituztela; ez zitzaizkien hil». Eta Gomez Nietoren erantzuna: «Lehenbizi, zuloak eginarazi zizkieten, zuloak eginarazi genizkien».

Pluralaren lehen pertsonan mintzo da Gomez Nieto. Lasa Zabala auzia zabaldu zenean, auzipetu egin zuten Gomez Nieto, baina, espetxean hiru hilabete igaro ondoren, 1996ko urrian auzipetzea kendu zioten, CESIDen paper sekretu batzuetan oinarrituta zegoelako.

Betoa galdetzeari

Mikel Zabalzaren torturari eta hilketari buruzko grabazioa zabaldu eta gero, EH Bilduk galdera erregistratu zuen herenegun Espainiako Kongresuan, gobernuaren gaurko kontrol saioan erantzun zezaten. «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?» zen galdera, eta, hura txertatzeko, agenda aldatu behar zen. Tramite bat da, kongresuko mahaiko kide guztiek onetsi beharrekoa, eta, hor, eguneko gai zerrenda aldatzearen aurkako botoa eman zuten atzo PPk eta Voxek. EH Bilduk aurrez erregistratua zuen Oskar Matuteren galdera bat gazteriaren prekaritateaz, baina hori aldatzeko eskaera erregistratu zuen, eta horri eman dio ezezkoa eskuinak. Halere, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari gaur gaiaz galdetzeko asmoa du indar subiranistak, galderen aurretik Sanchezek egingo duen agerraldian.

Europako Batzordera ere iritsiko da Mikel Zabalzaren eta torturaren gaia. Izan ere, zazpi eurodiputatuk galdetuko diote gaiaz batzordeari: Pernando Barrenak (EH Bildu), Izaskun Bilbaok (EAJ), Diana Ribak, Jordi Solek (ERC), Toni Cominek, Clara Ponsatik (Junts Per Catalunya) eta Miguel Urbanek (Podemos). Zehazki, batzordeari galdetuko diote ea gaia ezagutzen duen eta ea zer iritzi duen horren ingurua, eta ea zein mekanismo dituen Espainiako Estatuak Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunaren 4. artikulua —torturak debekatzeari buruzkoa— betetzeko.

Bestalde, Imanol Landa EAJko senatariak Dolores Delgado Espainiako fiskal nagusiari galdetu dio zer neurri hartuko dituen «Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko egia» ikertzeko. Senatuko Justizia Batzordean izan da Delgado, eta, zehazki, Landak galdetu dio ea «egiatasun zantzurik» ematen dion grabazioari. Grabazioan jasotako hitzen inguruan, Landak galdetu du ea neurririk hartuko duen ikerketa judiziala ahalbidetzeko. Halaber, Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketen inguruan ere galdetu du, buruan bi tiro emanda hil zituztela esaten baita grabazioan. EAJren hitzetan, Delgadok «izkin egin» dio gaiari, eta adierazi du argitaratutako informazioek «garrantzi penalik izango balute kide fiskalek kontuan hartuko» lituzketela: «Profesionalen balorazio gaia da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.