Ramon Gomez Donostiako Udaleko PPren bozeramailea «etsita» dago PPko zuzendaritzarekin, bere hautagaitza alboratu eta Miren Albistur alkategai izendatu duelako. Arantza Quiroga EAEko PPko presidentearekin bildu da egunotan, eta, erabakia onartu duen arren, prozedura ez dela egokia izan salatu du: «PPkoa naiz, eta PPkoa izaten jarraituko dut, baina horrek ez du esan nahi alderdiak egin duen guztiarekin ados nagoenik. Oso triste nago zuzendaritzak hartutako erabakiarekin, eta desilusio handia hartu dut duela lau urte hasitako proiektua utzi egin behar izateagatik».
Jakinarazi duenez, alkatetzarako PPko hautagaia lau urtean izan ondoren, ez da maiatzeko hauteskundeetara inongo kargutan aurkeztuko. Alderdia uzteko asmorik ez duen arren, oraindik ez du argitu etorkizunean politikan jarraituko duen edo ez.
Quirogak, berriz, Albistur alkategai izendatu izana defendatu du, eta adierazi du hautagaiak aukeratzea bere eskumena dela, eta erabaki «egokia» izan dela. Alderdian krisirik izatea ukatu du, halaber.
Gomez «etsita» dago PPren zuzendaritzaren erabakiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu