2023. urteak ikuspegi feministatik eta subiranistatik utzitako ondorioak aurkeztu ditu gaur arratsaldean Talaia Feministak Donostian, eta, horietan oinarrituta, gomendio batzuk ere plazaratu ditu, iaz gertatutakoek emakumeengan izandako eragina aztertze aldera. Urtarrilean aurkeztu zuen lehen txostena Talaiak, «Euskal Herriaren egoera feminismotik irakurtzeko», eta ordutik aritu dira eztabaidatzen eta ekarpenak jasotzen.
Sei gai jorratu dituzte lehen txosten horretan: klima krisia, greba feminista orokorra, indarkeria matxista, bizitza garestitzea, euskararen aurkako oldarraldia eta abaia soinekoaren debekua. Gai horietan egindako diagnostikoei begira iritsi dira ondorioetara. Negatiboak: «Ongizatea pribatizatzea, indarkeria dimentsio orotan eta krisi ekologiko geldiezina». Positiboak: «Feminismoaren hegemonia soziala; emakumeen auto-antolaketarako eta askotariko konfluentzietarako gaitasuna; ekonomia, gobernantza, politika eta beste hainbat arlo feminismotik eraldatzea xede duten alternatibak».
Prozesuaren amaieran, gomendio batzuk ere egin dituzte. Batetik, gizarteari galdegin diote «ekitea eta erantzukizunak exijitzea», ongizatearen pribatizazioak eta emakumeen bizi baldintzak okertzeak eragindako «biolentzia kolektiboaren» kontra. Eragile sozialei dagokienez, «begirada berrien premia» aitortu du Talaiak, egungo arazoei erantzun «integralak» emate aldera. Eta, azkenik, erakunde publikoen jarduna salatu dute, askok sustatu dutelako emakumeen gain erortzea bizitzari eusteko lanak, baina eskaerak ere bideratu dizkiete: eskubide kolektiboak bermatzeko berehalako neurriak hartzea, eragile sozialei entzunez; indarkeria matxistaren aurkako protokolo eta politika integralak lantzea; euskararako eskubidea bermatzea...
Azkenik, dei berezia egin diete gizonezkoei: «Ardurak hartzea eta euren buruak berraztertzea, indarkeriaren eguneroko berreraikuntzan duten rolari eta zaintzetan erantzukizunik ez hartzeari arreta jarriz».