Koronabirusa

Gomendatu dute Hegoaldean gelak ez ixtea bost positibo izan arte

Osasun Publikoko Batzordeak gomendatu du gelak ez ixtea bost ikaslek edo gelaren %20k zazpi egunen buruan positibo ematen ez badute

Gasteizko ikastetxe bateko ikasgela bat hutsik, artxiboko irudi batean. R.B / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Osasun Publikoko Batzordeak gomendatu du Hego Euskal Herriko ikastetxeetan berrogeialdiak ezartzeko irizpideak malgutzea: aurrerantzean, bost ikaslek edo gehiagok zazpi egunen buruan positibo ematen dutenean edo bost baino gutxiagok emanagatik ere ikasgelaren %20 positibo badira soilik itxiko dute gela, gomendio horri jarraitzen badiote. Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako ordezkariek parte hartu dute bileran. Eusko Jaurlaritzak, gero, zehaztu du ikasle batek positibo emanez gero gainerako kideek klaseetara joaten segitzen ahal dutela, betiere sintomen agertzea «zainduz». Ikastalde berean positibo gehiago agertuz gero, «ikusiko» dute neurri gehiago ezarri ala ez.

Dena den, COVID-19a goraldi betean egonagatik ere, Hego Euskal Herriko haur eta gazte guztiak aurrez aurre itzuliko dira ikasgeletara. Presentzialtasun hori bermatu nahian, Eusko Jaurlaritzak, esaterako, asteon iragarri du neurriak zorroztuko dituela: Lehen Hezkuntzako ikasgela bateko eta besteko ikasleak ezingo dira elkartu patioan, 6 urtetik gorako ikasleek maskara jantzita edukiko dute une oro, eta eskola kiroleko lehiaketak ere bertan behera utzi dituzte. Azken erabaki horri jarraikiz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek atzo esan zuten ez dela eskola kiroleko lehiarik izango urtarrilaren 28ra arte. Gipuzkoan, klubek antolatutako eskola kirola baimenduta egongo da.

Sindikatuek protokoloaren puntu batzuk kritikatu dituzte. LABek salatu du Hezkuntza eta Osasun sailek kasuen jarraipenean duten ardura baztertu eta fa- milien gain utzi dutela. Steilasek, berriz, esan du protokoloak funtziona dezan beharrezkoak direla baliabide materialak, giza baliabideak eta azpiegiturak. Halaber, eskatu du plan bat prestatzeko ordezkapenetarako jenderik geratzen ez denerako.

Nafarroako Gobernuak ere hezkuntzako protokoloak indartzeko asmoa du. Astelehenean helaraziko dizkie ikastetxeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.