Gomazko piloten debekuaren aldeko aldarria, Nafarroako Parlamentuan

Iridia elkarteak eta Novact institutuak, gomazko pilotek kalte egindako hainbat lagunekin batera, parlamentariei eskatu diete Madrilgo gobernuari eska diezaiotela poliziek material hori erabiltzeari uztea.

Txostenaren egileak, gaur parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko urriaren 29a
13:21
Entzun

«Bide luzea dugu aurrean». Kataluniako Gobernuaren eta parlamentuaren babesa jaso ostean, Nafarroako Parlamentua izan dute lehen geltokia. Bertan, Stop gomazko balak txostena aurkeztu dute Iridia giza eskubideen defentsarako elkarteko eta Novact institutuko ordezkariek legebiltzarrean, funtsean mezu nagusi bat eskatzeko: «Formalki Nafarroako Parlamentuari eskatu nahi diogu galdegin diezaiola Espainiako Gobernuari debekatu dezala», azpimarratu du Anais Franquesa txostenaren egileetako batek.

Txostenak giza eskubideen aldeko 50 talderen babesa du. EH Bilduk eta Ezkerrak deituta, lan saioa egin dute parlamentuan, gomazko pilotak kaltetutako hainbat lagunekin batera —bertan zen, kasurako, Aingeru Zudaire, 2012ko irailaren 26ko greba egunean polizia batek botatako gomazko pilota baten ondorioz ikusmena nabarmen galdu duena—. Txostenaren egileek ondorioak laburbildu dituzte, eta Zudairek, bestek kaltetuen izenean, bere kasuaren berri eman die legebiltzarkideei.

2000tik 2020ra bitartean izandako 40 kasu aztertu dituzte txostenean. Epe horretan, zuzenean tiro egindako gomazko pilota baten ondorioz pertsona bat hil da, Iñigo Cabacas, Ertzaintzak Athleticen partida baten aurretik San Mames inguruetan egindako oldarraldi batean. Gainera, 2014an, Ceutan (Espainia), Tarajaleko hondartzan, hamalau etorkin hil ziren, Guardia Zibilak 145 gomazko pilota bota zituelako haien aurka, mugara iritsi zitezen eragotzi nahian. Serlinda Vigarak gogorarazi du, gainera, 11 lagunek ikusmena galdu dutela gomazko piloten ondorioz.

Zigorturik ez

Vigararen arabera, dena den, hogei urteetan ez dira inondik ere 40 kasu izan, eta kaltetuen zenbatekoa askoz ere handiagoa da. Haren esanetan, Barne Ministerioak ez du kaleratzen gomazko piloten ondorioz zauritutakoen erregistrorik, eta biktimen eta kaltetuen esku geratzen da lan hori egitea. Auzitegietara jotzea erabaki dutenen artean, «auzi bat bera ere ez da zigortu». Vigararen arabera, informazio faltak, polizien arteko korporatibismoak eta epaileen euren jarrerak eragotzi egin du poliziek zigorrak izatea. Txostenean datorrenez, pilotek identifikatuta egon beharko lukete, poliziek ere ongi identifikatuta egon behar lukete, eta arma horien erabilerari buruzko prozedura bat egon beharko litzateke, baina Espainian poliziek ez dute hori egiten.

Zudairek gaineratu du auzibidea luzea izateak eta oztopoz beteta egoteak atzerantz bultzatzen dituela kaltetuak, baina haiei dei egin die, urrats bat aurrera egin dezaten eta gomazko pilotak debekatzearen aldeko kanpainan lagundu —[email protected] helbide elektronikoa jarri dute haien esku horretarako—. «Nafarroan gomazko pilotek kalte egin dienei dei egiten diegu gurekin harremanetan jar daitezen, eta erakusteko ez garela lau katu». Zudairek gogora ekarri du bere kasuan epaiketa egon zela, baina, gainerako kasuetan bezala, ez dela inor zigortu: «Judizialki babesik gabe sentitzen gara».

«Ezin daitezke kontrolatu»

Franquesaren arabera, arma «zaharkituak eta oso arriskutsuak» dira. Behin zuzenean tiro eginda, gomazko piloten norabidea «ezegonkorra» da, «ezin da jakin non amaitu dezakeen»; zoruan errebotea joz gero, haren norabidea «ezin da inolaz ere jakin». Adibidez, Katalunian, 2017ko urriaren 1eko oldarraldietan ikusmena galdu zuen Esther Quintanaren auzian, mossoek proba bat egin zuten: makina batekin beti zentzu berean tiroak egin zituzten, eta ondorioztatu zen errebote ostean norabidea «20 gradura arte» alda daitekeela. «Arma hauek ezin daitezke kontrolatu, eta oso arriskutsuak dira. Nola liteke oraindik ere arma horiek erabiltzea tiroa botatzen den bakoitzean ez badakizu non joko duen, eta, aldiz, baldin badakizu gorputzean joz gero heriotza edo lesio larriak eragin ditzakeela?». Gogora ekarri du gomazko pilotak manifestazioetan eta futbol partida aurretik zein ondoren erabili izan direla, baita mugara iritsi nahi duten etorkinen aurka ere.

Agerraldian nabarmendu dute Hego Euskal Herriko eta Kataluniako poliziek ez dutela erabiltzen, baina oraindik ere Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak erabiltzen dutela. Europako Parlamentuak estatu kideei gomendatzen die erabiltzeari uztea. Norvegiak, Suediak, Austriak, Finlandiak, Errumaniak, Irlandak eta Danimarkak debekatu egin dute erabilera.

Parlamentariei erantzunez, Franquesak auzitan jarri du Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak legalitate printzipioa betetzen dutela. Haren esanetan, 2013koa da gomazko piloten erabilera baimentzen duen agindua, eta haren edukia «oso motza eta orokorra da», eta ez du neurrian erabiltzeko nazioarteko irizpidea betetzen: «Zergatik? Nazioarteko irizpideek zehazten dute oso egoera arriskutsuetan, hiltzeko mehatxu baten aurrean erabili behar direla. Aldiz, 2013ko zirkular horrek esaten du polizien edo herritarren arrisku egoeratan erabiliko direla, edo kalte materialak direnean. Hori ez da nazioarteko irizpideak betetzea».

Zudaireren lekukotasuna

Aingeru Zudairek bere kasua azaldu du. Parlamentuaren egoitzatik gertu, 2012ko irailaren 26an, ELAk eta LABek deitutako greba egunean, manifestazioaren amaieran eta sindikatuen ekitaldia egiten ari zirela, foruzainek manifestarien aurka jo zuten. Patxi Leuza Geroa Baiko orduko parlamentariak foruzainei eskatu zien gelditzeko, baina ez zioten jaramonik egin, eta ondoren Espainako Poliziak sartu ziren, tiroka. Hurbil botatako tiroetako batek Zudaire begian jo zuen: «Une hartan burua jiratu nuen, eta pilota desbideratu nuen. Zuzenean jo izan banindu, ondorioak okerragoak izango ziren».

Behin zauritua, lagunek Sarasatetik atera zuten, eta han Koldo Martinezek begia ikusi eta berehala ospitalera joateko eskatu zion. Hiru ebakuntza izan ditu. Eskuineko begi horretan ikusmena asko galdu du, erdian dena beltz ikusten du, eta ertzetan gauzak intuitzen ditu, baina bistaren galera handia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.