Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko balorazio batzordearen arabera, ez dago zalantzarako tarterik: Rosa Zarra giza eskubideen urraketen biktima da. Kasuaren inguruko txostenean, gezurtatu egin ditu 1995ean epaitegiek ontzat jotako heriotzaren arrazoiak, eta «indarkeriaz eragindako heriotza» gisa kalifikatu du. «Heriotzaren mekanismoa gomazko pilota baten inpaktua izan zen», diote forentseen ondorioek. Horrez gain, auziak epaitegietan egindako bidea ere salatu dute, ez zelako «ikerketa eraginkorrik» egin. Hori bera ere nahikoa oinarri litzateke Zarra biktima gisa izendatzeko, batzordearen arabera: «Zehazki, bizitzeko eskubidearen urraketaren biktima, dimentsio prozesalean».
Ikusi gehiago
Zarraren auziari lotutako eztabaida nabarmenena heriotzaren arrazoiak argitzeko egindako autopsiak eragin zuen. Balorazio batzordeak berak erreferentzia egin die Gipuzkoako Auzitegiko forentseen ondorioek familiaren eta Ertzaintzako arduradun politikoen artean eragindako «eztabaida gogorrari». Izan ere, autopsia hura egin zuten bi auzitegi medikuek ebatzi zuten Zarra «berezko arrazoiengatik» hil zela, eta zeharo baztertu zuten pilotakadak eraginik izatea, argudiatuz traumatismoa «arina» izan zela, eta barne zulaketa kolpea jaso zuen eremutik «urrun» izan zuela.
Orduan, jada, kontra egin zuten adituak ere izan ziren, txostenean gogoratu dutenez. Familiaren defentsak izendatutakoak, German Salaberriak, hala ebatzi zuen: «Traumatismo abdominal baten ondorio den hesteetako infekzio prozesu batek eragindako shock septiko baten ondorioz hil zen Rosa Zarra». Eta bide beretik mintzatu zen Alesander Elosegi Zarraren nefrologoa ere, hedabideetara bidalitako gutun batean. Hark argudiatu zuen Zarra ondo zegoela pilotakada jaso arte, eta ondorioz, ezin zela ezinezkotzat jo heriotza haren ondorio izatea.
Orain, Benito Morentin, Julia Lamas eta Victor Verano auzitegi medikuek ondutako txostenak azken horiekin bat egin du: «Badago nahikoa probabilitate estandar kausalitate harremana ezartzeko, eta aitortzeko egitateak giza eskubideen urraketa izan zirela». Horretarako, auziaren azterketa bat egin dute, eta nazioartean egindako hainbat ikerketarekin alderatu.
Peritu taldeak autopsiaren egileekin bat egin du heriotza peritonitisaren eta shock septikoaren ondorio izan zela adieraztean, baina baztertu egin dituzte horien eragiletzat jotako arrazoiak. Autopsiaren egileen arabera, balbula mitrala zahartu eta kaltzifikatu egin zitzaion Zarrari, eta hark arteria enbolia bat eragin zion. Jarraian, goiko arteria mesenterikoa edo haren adarrak okluitu zitzaizkion, eta heste iskemia eta nekrosia eragin. Horren ondorio izango zen kolonaren zulaketa, baita peritonitisa eta shock septikoa ere.
Morentinen taldearen arabera, baina, ez dago ordena hori baieztatu dezakeen ebidentziarik: «Kasu bakar batean ere ez da deskribatu balbula mitrala kaltzifikatzeak —konplikaziorik gabe— gero kolonaren zulaketa edo hesteetako iskemia eragin duenik». Kontrara, argudiatu dute kaltzifikazio hori ohikoa dela 60 urtetik gorako emakumeen artean —«prebalentzia %16koa da»—, eta, normalean, ez duela sintomarik izatean. Zarrak 58 urte zituen hil zutenean.
Hala, eurek ondorioztatu dute pilotakadak eragindako traumatismo itxia izan zela heriotzaren kausa. Zehazki, hala azaltzen du txostenak: traumatismoak hesteak konprimatzea eta presioa handitzea eragin zuen, zizaila indarrak eta indar tangentzialak, eta koloneko dezelerazioa; horrek, era berean, zulaketa berandutu bat eragin zuen, eta peritonitisa eta shock septikoa izan ziren ondorioak. «Hipotesi horrek bakarrik betetzen ditu kausalitate forentsearen irizpideak», dio txostenean, eta, beraz, ezerk ez du ukatzen «giza hilketaren etiologia».
Ikerketa falta
Hori baieztatuta, balorazio batzordeak prozesu judizialaren kontra ere egin du. Donostiako Epaitegiko Bigarren Instrukzio Salaren zenbait jokabide kritikatu ditu: heriotzaren inguruko bertsio bat lehenestea, akusazio partikularrak egindako froga proposamenak kontuan ez hartzea, eta azterketa forentse gehiago egitea galaraztea. Finean, txostenean dio ez zela «ikerketa judizial sakonik» egin.
Hain zuzen, balorazio batzordeak azaldu du ikerketa falta dela, eta horrek eragotzi egiten duela 1995eko ekainaren 22an zehatz-mehatz zer gertatu zen baieztatzea. Diotenez, horrek berak balio du ondorio batzuk ateratzeko: «Pentsarazten digu Ertzaintzaren jarduna, ziurrenik, neurrigabea eta beharrik gabea izango zela; hori da uste sendoa».
Jazotakoaren inguruko azterketari helduta, batzordeak salatu du instrukzio epaileak ez zuela zalantzan jarri operatibo poliziala bera, uste baitute indarra erabili izanaren «egitatezko presuntzio argiak» daudela. Hain zuzen, Ertzaintzak ukatu egin zuen, Xabier Irazusta Rosa Zarraren senarrak salatu bezala, urdinez jantzitako agenteak eremu hartan egotea eta tiro egitea.
Batzordearen txostenak dio horrek ere familia mindu duela, «gezurtitzat» jo dituztelako. Irazusta: «Hori da min gehien ematen didana. Ni han nengoen, badakit zer ikusi nuen, eta bat-batean, artxibatu egiten da, besteak beste, une horretan ertzainik ez zegoelako, eta gutxiago tiro egiten». Orain, hala baieztatu dute.