Gomazko balen orbain sakona

Gomazko jaurtigaiei buruzko txosten bat aurkeztu dute, haiek debeka ditzaten lortzeko. Iñigo Cabacasen auzia ere jaso dute. Uste dute bildu dituzten kasuak «izozmendiaren tontorra» direla

Iridia zentroak eginiko txostena aurkezteko ekitaldia, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacas Herri Ekimenak gonbidatuta, Bilbon izan dira Kataluniako Iridia giza eskubideen elkarteko eta Stop Balas de Goma plataformako kideak, Stop balas de goma (Gomazko balei stop) izeneko txostena eta horren inguruan egindako bideoa aurkezteko. 2000tik 2020ra Espainiako Estatuaren menpeko herrialdeetan gomazko jaurtigaiek eragindako kalteak bildu dituzte txosten horretan, asmo argi batekin: arlo politiko eta judizialeko eragileak interpelatzea, horrelako jaurtigaiak debeka ditzaten lortzeko.

Hogei urteko epe horretan, jaurtigai horien eragina pairatutako 40 lagun identifikatu dituzte. Hamabost hildako zenbatu dituzte: horietatik hamalau dira 2014ko otsailaren 6an Ceutan itotakoak, Guardia Zibilak jaurtikitako gomazko pilota zaparrada baten azpian Tarajal hondartzara iristen saiatzen ari zirenean. Bestea Euskal Herriko kasu bat da: Iñigo Cabacas gaztearena, 2012ko apirilaren 9an hila Ertzaintzak lau egun lehenago botatako gomazko pilota baten ondorioz.

Baina txostenaren egileek argi diote hori «izozmendiaren tontorra» baino ez dela: «Gure artean eztabaida hori izan genuen, bagenekielako egokiena izango zatekeela 1975etik aurrerako epea hartzea», azaldu du Iridia elkarteko kide Andres Garciak. «Baina ikusi genuen batez ere azken hogei urte hauek jorratzeko gai ginela, eta, askoz kasu gehiago daudela jakinda, hemen jasotzen ditugunak aski esanguratsuak zirela». Txostenean bertan azaltzen dutenaren arabera, 1976tik gutxienez 23 izan dira hildakoak.

Teknikoki, arma ez hain hilgarriak da jaurtigai horien izendapen ofiziala. Carles Guillot ez dago ados definizio horrekin: begia galdu zuen 2001ean, ustez hain kaltegarriak ez diren jaurtigai horietako baten ondorioz: «Hor duzu Iñigoren kasua [Cabacas]. Jakina, ez dira bala arruntak bezalakoak, baina hil dezakete, begiak erauzi, kalte larriak sortu, anputazioak eragin eta abar. Gure ustez,ez du inolako zentzurik hilgarriak edo ez hain hilgarriak diren eztabaida horretan sartzeak».

Erabilpen okerra

Txostenean agertzen diren ondorio nagusietako bat da arma horiek oker erabili direla azken hamarkadetan, nazioarteko arautegi guztiek aholkatzen dutenari muzin eginez. Teorian, horrelako jaurtigaiak erabil daitezke soilik pertsona jakin baten kontra, hura geldiarazteko eta beste norbaiten bizitza arriskuan dagoenean, zuzenean tiro eginez eta gutxieneko distantzia gordez, betiere. Praktikan, Euskal Herrian, Katalunian eta Espainiaren menpeko beste zenbait lurraldetan oso ohikoa izan da horrelakoak erabiltzea jende multzoak sakabanatzeko helburu soilarekin, eta hurbiletik, gerritik gora eta pilotak botea eman zezan jaurtiki izan dira.

Baina, txostenaren egileen ustez, erabiltzeko moduetatik harago doa auzia: «Badakigu gaizki erabiltzen dituztela, baina benetako galdera zera da: posible da arma horiekin nazioarteko estandarrak betetzea?», itaundu du Garciak.

«Guk uste dugu ezetz. Zaharkitutako armak dira, zehaztasunik gabekoak; ezinezkoa da jaurtigaiak non joko duen jakitea, eta zailak dira kontrolatzeko. Bala arruntekin ez bezala, ez dago modurik jakiteko zein jaurtigailutatik atera den bala bakoitza. Begien bistakoa da debekatuta egon beharko luketela, eta soilik indarraren kontrol publikoaz irizpide argirik ez duen estatu batek erabil ditzake».

Hego Euskal Herrian debeku hori ez dago indarrean, baina Ertzaintzak eta Foruzaingoak bala horiek baztertu eta foam jaurtigaiak erabiltzea onetsi dute. Txostenaren egileen ustez, hori ez da bidea: Katalunian, hiru lagunek begia galdu dute foam piloten ondorioz, eta beste bat ZIUan artatu behar izan zuten, buruan kolpea hartuta.

Txosten honekin «gizartean eztabaida sustatzea» eta «agintari publikoak interpelatzea» dute helburu: «Gaia parlamentuetara eraman nahi dugu, eta argi esan dezatela ea ados dauden kalte sendaezinak eta are heriotza ere eragin ditzaketen arma hauek erabiltzearekin», azaldu du Garciak. Beste asmo batek ere bultzatzen ditu gomazko balen biktimak: «Guk nahi dugu beste inork hau pairatu behar ez izatea. Gure taldera beste kaltetu bat batu den bakoitzean, beti adierazi du asmo bera: azkena izatea», esan du Guillotek.

Cabacasen urteurrena

Aurten hamar urte beteko dira Iñigo Cabacas hil zutenetik, eta txostenaren aurkezpena izan da hura gogora ekartzeko egitarau zabal baten lehen ekitaldia. Auzi horri buruzkoak ere jaso dituzte txostenean: «Cabacasen auziak erakusten du barne ikerketarik eza, eta ezinezko bilakatzen dela nork tiro egin zuen jakitea», azaldu du Iridia elkarteko Anais Franquesak: «Hala ere, agente bat zuhurtziagabekeriazko giza hilketagatik zigortzen duen epaia erabiltzen ari gara esku artean ditugun beste auzi batzuetarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.