Goizero trabak izanen dira Baionako bestetako autobusetako sarean

FO, CGT eta CFDT sindikatuek adierazi dute 2022ko uztaileko negoziazioetako eskaera batzuk betegabeak direla eta, ondorioz, gaurtik igandera arte eginen dutela greba.

Chronoplus autobus bat Baionako bestetan. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugarai Etxeberri
2023ko uztailaren 26a
17:26
Entzun

Sindikatuak kexu agertu dira Keolis enpresaren eta Ipar Euskal Herri-Aturriko Mugikortasun Sindikatuaren (IEHAMS) kudeaketa txarra pairatzen dutelako langileek. Izan ere, 2022ko uztaileko grebaren ondotik, sindikatu kudeatzaileak eta Keolis enpresak hitzemaniko «engaiamendu idatziak ez dira batere errespetatuak izan», esplikatu du Ekaitz Bergaretxek. Hala nola zuzendaritzarekin urtean hiru aldiz bilkurak ukaitea sindikatuen eskaerak eta aldarrikapenak entzuteko, linea bukaera guztietan komun «duinak» izatea. Segurtasunaren aldetik, geldiune seguruak eraikitzea, irrati sistema orokortuen ezartzea edota lan oren gehigarri guztien ordainketa galdegin dute.

Nahiz eta joan den urteko eskaerak oraindik bete gabe gelditzen diren, lan baldintzen okertze orokorra salatu dute sindikalistek: «Keolis etorri baino lehen, egunean 110-120 kilometro egin behar genituen; gaur, aldiz, 150-160 kilometro artean». Horrez gain, udan, autobus kopuruen murrizketa izatea deitoratu dute: «T1 linean, udan, jende kopurua bikoizten den garai hauetan, bakarrik zazpi tranbus ematen dituzte, eta neguan zortzi dira». Ondorioz, hainbat aldarrikapen tarteko, enpresan dimisio kopurua handituz doala ere nabarmendu dute: «Azken bi urteetan, hamabost dimisio izan ditugu, eta tailerreko lau lankide joan zaizkigu». Lan baldintza okerren ondorioak, berriz, erabiltzaileak pairatzen ditu: «Tenorea ezin atxikiz gabiltza, geroz eta beranta gehiago hartzen dugu. Atzo, errate baterako, T1 linean oren baten beranta genuen, eta erabiltzaileak biziki kexu ziren», dio Christophe Oyhamberrik, FOko sindikalistak.

Bestelako hitzak dituzte Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, Jean-François Irigoien IEHAMSeko lehendakariak eta Fabien Duprez IEHAMSeko zuzendariak. Nahiz eta «errespetatzen» duten greba egiteko eskubidea, ohartarazi dute hainbat traba sortuko direla autobus sarean: «Autobus zerbitzua azkarki hunkitua izanen da egunero 14:00ak arte». Grebaren benetako arrazoien bila dabiltzala diote, «sindikatuen joan den urteko eskaerak bete zirelako», Duprezen arabera. Horren harira, Etxegarai asaldatu da sindikalistek «boterea hartu nahi dutelako» eta «bestazaleen zein biztanleen segurtasun eskubidea urratzen dutelako». Ondorioz, grebalariek biztanleak eta bestazaleak «bahitzen» dituztela salatu du Baionako auzapezak, nahiz eta baieztatu IEHAMSeko moldaketei esker «segurtasuna» mantentzen ahalko dutela bestazaleen joan-jinak bermatzeko.

Ororen buru, nahiz eta Keolis enpresak grebatik ateratzeko protokoloa proposatu duen, sindikatuek azpimarratu dute ez dutela negoziazioetarako tarterik irekiko Baionako besten denboran, eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko mobilizatzeko prest direla hemendik eta urrira arteko greba aitzinabisuaren karietara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.