Goiza nahasia izan ostean, berrezarri dute Nafarroa eta Gipuzkoa arteko tren zerbitzua

Berrezarri dute Nafarroa eta Gipuzkoa arteko tren zerbitzua, eta martxa normala hartzen ari da berriz. Goizaldean, trenek ezin izan dute zirkulatu seinaleztapen zerbitzuan gertatu den arazo batengatik; gero, zuhaitz bat erori da trenbide gainera.

Donostiako tren geltokia, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako tren geltokia, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
Itsasondo - Ordizia
2025eko martxoaren 20a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur goizaldean, Donostiako aldiriko bidaiariek ezin izan dute trenik hartu. Gipuzkoako hiriburutik eta Agurainerako (Araba) tren zirkulazioa etenda egon da 4:45 inguruan hasi eta 7:15 aldera arte. Ordutik, zerbitzua martxan da, baina atzeratuta ibili da. Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearen aplikazioak ohartarazten zuen moduan, Irun eta Brinkola arteko trenen ordutegietan «gorabehera handiak» egon dira goizean goizetik, «instalazioetan izandako matxura» baten ondorioz; bederatziak aldera, ordea, jakinarazi dute trenek ohiko maiztasuna berreskuratuko dutela «pixkanaka».

Tren zerbitzua geldiarazi duen matxura seinaleztapen zerbitzuan gertatu dela argitu dute telefonoz Donostiako aldiriko bezeroentzako arreta bulegokoek; esan dute zerbitzu hori eskaintzen duen enpresak «komunikazioa etenda» eduki duela, eta ezin zutela trenen segurtasuna bermatu. Horregatik, geldirik egon dira aldiriko trenak, merkantziak garraiatzen dituztenak eta ibilbide luzekoak. Donostiako aldiriko trenen informazio eguneratua ematen duen Whatsapp kanalak goizeko seietan eman du arazoaren berri. «Donostiako linea osoa atxilotuta dago», zioen euskaraz zabaldu duten mezuak. Gazteleraz: «La línea completa de San Sebastián se encuentra detenida».

Haizeteek ere eragin dituzte oztopoak Euskal Herriko trenbide sarean. Altsasu (Nafarroa) eta Otzaurte (Zegama, Gipuzkoa) arteko trenen zirkulazioa etenda egon da, zuhaitz bat erori baita trenbide gainera. Santander eta Bilbo arteko zerbitzua ere geldirik egon da, Karrantza eta Traslaviña arteko trenbidera beste zuhaitz bat erori baita haize zakarraren ondorioz. Errepide bidezko garraioa eskaintzen aritu dira tarte horretan.

Pixkanaka trenek ohiko maiztasuna berreskuratu dute Irun eta Brinkola arteko C1 linean, baina kaosa nagusitu da zenbait orduz. 9:30ean, jende gutxi dabil Itsasondoko tren geltokian (Gipuzkoa). Telefonoari adi dago Ana —ez du abizenik eman nahi izan—; Irunerako noranzkoan doan trena hartu nahi du, eta, kontatu duenez, hamar bat minutu daramatza zain. 10:40an iristen den trena hartu ohi du, baina irakurri du atzeratuta dabiltzala, eta, badaezpada, ordubete lehenagoko trena hartzeko asmoz joan da geltokira. Bozgorailuetatik ezer berririk ez; jakinarazi dute trenak atzeratuta dabiltzala, baita zerbitzu batzuk bertan behera gelditu direla ere. Anak hartu nahi duen trena —9:40an iristekoa zena—, esaterako, ez da iritsi.

Itsasondoko tren geltokian bezala, Ormaiztegikoan (Gipuzkoa) ere ez da egoten bezeroei informazioa emateko langilerik, eta, azken hilabeteetan, pantailek ematen duten informazioa ere ez da oso fidagarria izaten. Horregatik, trena atzeratuta zetorrela ikusita, Mirari —ez du abizenik eman nahi izan— Ordiziako geltokira (Gipuzkoa) joan da autoan, senarrarekin. Bertan behinik behin trena noiz iritsiko zen jakin ahal izango zuela espero zuen. Ez da halakorik gertatu, ordea. Geltokiko langile bakarrak ez dauka informazio zehatzik, eta bidaiariek hari eskatzen dizkiote kontuak.

Egiaztagiriak, bukatuta

Hogeita hamar pertsona baino gehiago daude trenaren zain Ordizian, Donostiarako noranzkoan. 9:38an zen iristekoa, Itsasondora baino bi minutu lehenago, baina tren hori bertan behera geratu da. «Badator?», galdetzen diote behin eta berriz langileari, baina ez du galdera horri erantzuteko informaziorik. «Traumatologoarekin ordua hartua daukat», kexatu da bidaiari bat; «ordua lortzea asko kostatu zait, eta orain galdu egingo dut». Osasun publikoan bezala, azkenaldian Donostiako aldirietan ere ohikoak bihurtu dira atzerapenak eta itxaron zerrendak.

Ordiziako geltokian zain daude Oier Alberdi eta Joseba Bonastre ere. Unibertsitatera doaz. Ez zuten egoeraren berri, eta, ohi bezala, 9:38an iristekoa zen trena hartzeko asmoz bertaratu dira; informazio pantailetan «daturik ez» mezua ikusi dute. Hogei minutu geroago, trenaren arrastorik ez. Langileak jakinarazi du tren bat atera dela Zumarragatik (Gipuzkoa), eta «bost edo hamar minutu barru» helduko dela. Iritsi, iritsi da, baina gelditu gabe aurrera jarraitu du.

Bezeroen kexuak areagotu egin dira, eta azalpenak ematera atera behar izan du geltokiko langileak. Bidaiariei jakinarazi die tren hori Irunera zihoala, han buelta hartu eta beste noranzkoan zerbitzua emateko. Eta ohartarazi die hurrengo trenaren zain egon beharko dutela: 10:38koa heldu arte. Hori esan duenean, egiaztagiria eskatzera joan zaio bidaiari bat. Eta haren atzetik joan dira beste lauzpabost. Langileak, baina, azaldu die ez zaiola gelditzen egiaztagiririk. Halere, nola edo hala konpondu du arazoa: orri zuri batean egin die idatzia, eta zigilua jarri die.

Trenaren atzerapenagatik lanera berandu heldu dela egiaztatu behar izan duten horietako bat da Mikel Gomez: «Hamaiketan sartzen naiz lanera: denda ireki beharra daukat». Eta, 10:38an iristen den trena hartuta, berandu helduko da. Gehitu duenez, arazoa ez da gaurkoa: «Beti dago zerbait». Izan ere, Donostiako geltoki berria egiteko obrak hasi zirenetik, astero geratzen dira bertan behera hainbat zerbitzu, eta atzeratuta ibiltzen dira beste zenbait. 

Renfek murriztu egin zuen C1 lineako trenen maiztasuna, eta, tren bikoitzak jarri badituzte ere, arazoek bere horretan jarraitzen dute. Gainera, asteon, are eta ugariagoak izan dira. Renfe eta Adifeko langileak grebara deituta zeuden astelehenean eta atzo —baita datorren astetik aurrera beste bost egunetan ere—, baina igandean sindikatu nagusiek erabaki zuten lanuztea bertan behar uztea. Halere, grebak eragina izan zuen Donostiako aldiriko linean. Astelehenean zerbitzua atzeratuta ibili zela jakinarazi du Gomezek, eta, atzo, bertan behar geratu zen hartu behar zuen trena; «kexak jarri ditut, baina alferrik da». Gero eta jende gehiago ari da pilatzen Ordiziako geltokian. «Hau desastre hutsa da: nazkatuta nago», amaitu du Gomezek. Antzeko kexak adierazi dituzte trenaren zain geratu diren beste zenbait bidaiarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.