Joan den astean kaleratutako autoan agindu bezala, Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean deklaratu du Iñaki Goioaga abokatu eta EH Bilduko senatariak, haren kontra auzitegi horrek abiarazitako auzibidea dela eta. Goioagak akusazioak ukatu ditu, esan du ez dela ETAko kidea, eta berriro azaldu du euskal presoekin izan duen harremana juridikoa izan dela soil-soilik. Akusazioen galderei ez die erantzun.
Apirilaren 22an plazaratutako auto baten bidez jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Miguel Colmenerok Goioaga auzipetzeko erabakia, «ETAko kide» izatea egotzita. Idazkian, euskal presoen defentsan aritzen diren abokatuen taldeko kide izatea leporatzen zion Colmenerok Goioagari, eta, talde horretako kide gisa, presoak «ETAren egituraren eta diziplinaren menpe atxikitzen» laguntzea. «Laguntza juridikoaren mozorropean, abokatuek ETAren zuzendaritzaren irizpideak ere ematen dizkiete presoei», azaldu zuen Colmenerok idazkian.
Epaileak jakinarazi dio Goioagari hilean birritan epaitegian agertu behar duela. Horrez gainera, pasaportea kendu dio, eta 6.000 euroko diru bermea ere ezarri dio. Goioaga, berriz, Jone Goirizelaia abokatuarekin batera agertu da epailearen aurrean, eta salaketak ukatu eta horiekin «erabateko desadostasuna» agertu duen arren, nahiago izan du azalpen gehiago ez eman, pentsatzen baitu aurrekoan luze eta zabal azaldu zizkiola bere argudioak epaileari.
Goioagaren abokatu Jone Goirizelaiak esan du autoan jasotzen diren guztiak «Goioagaren jarduera profesional arruntak» baino ez direla, eta guztiz legezkoa eta zilegi dela presoen abokatu gisa lan egitea.
Goirizelaiari «bitxia» begitandu zaio Goioaga 2010etik aurrera ETAn sartzeaz akusatzea, kontuan izanik ETA «teorian» erakunde armatua dela baina 2010. urteaz geroztik ez duela armarik erabili eta 2011ko urritik bere jarduera armatu guztiak amaitu dituela betiko.
Izan ere, Goioaga epaitu zuten ETAko kide izateaz akusatuta, eta absolbitu egin zuten, espetxean bi urte eman ostean. Berez, ezin dute delitu beragatik bi aldiz epaitu, baina bere autoan Colmenero epaileak oztopo hori saihetsi zuen argudiatuz epaitutako gertaerak 2010. urtea baino lehenagokoak izan zirela, eta berak 2010etik aurrerakoak hartu dituela aintzat. «2010 aurretik ETAko kide ez izateak ez du esan nahi geroago erakunde horretan sartu ez zenik», idatzi zuen epaileak autoan.
Akusazioak «erakunde terroristako kide» izatea edo, behintzat, «erakunde terrorista batekin kolaboratzea» egozten dio Goioagari. Lehenengo delituari sei eta hamabi urte bitarteko espetxe zigorra eta ardura publikoa izateko inhabilitazio berezia dagozkio.
Auzitegi Gorenak Espainiako Senatuaren baimena behar izan du Goioaga auzipetu ahal izateko, abokatua senataria ere badelako. Joan den martxoaren 15ean eman zion Senatuaren osoko bilkurak Auzitegi Gorenari Goioaga auzipetzeko baimena.
Goioagak berretsi du, epailearen aurrean, ez dela ETAko kidea
Salaketak ukatu ditu, eta euskal presoekin izan duen harremana «profesionala» izan dela esan du. Akusazioen galderei ez die erantzun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu