Goioaga auzipetu du Espainiako Auzitegi Gorenak

«ETAko kide» izatea leporatzen diote EH Bilduko senatariari. Libre utzi dute, baina apirilaren 28an epaitegian deklaratu behar du

gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki du Iñaki Goioaga abokatu eta EH Bilduk Espainiako Senatuan duen ordezkaria auzipetzea, «ETAko kide» izatea egotzita. Miguel Colmenero epaileak Goioaga libre uztea erabaki du, baina senatariak apirilaren 28an deklaratu beharko du epailearen aurrean. Horretaz gain, hilean birritan joan beharko du epaitegira, pasaportea kenduko diote, eta 6.000 euroko diru bermea ordaindu beharko du.

Euskal presoen defentsan ariden diren abokatuen taldeko kide izatea leporatzen dio Colmenerok Goioagari atzo kaleratutako autoan. Abokatu taldeko kide gisa, «ETAko presoak dauden kartzeletara bisitak egitea», ETAk presoen inguruan zituen irizpideen «jakitun» izatea eta presoak «ETAren egituraren eta diziplinaren menpe atxikitzen laguntzea» egozten dio Goioagari.

Colmeneroren ustez, ETAk badu «egitura iraunkor bat», presoei hainbat arlotan laguntza eskaintzeko helburua duena eta «ETAren menpe dagoen Herrira erakundeak» diruz hornitzen zuena. «Laguntza juridikoaren mozorropean, abokatuek ETAren zuzendaritzaren irizpideak ere ematen dizkiete presoei», horrekin «kanpora begira eta, batez ere, Espainiako Gobernu demokratikoaren aurrean» kohesio itxura emateko asmoz, Auzitegi Gorenaren epailearen iritziz.

Colmenerori deigarri begitantzen zaio ETAtik aldendutako presoek ez dituztela abokatu horien zerbitzuak jasotzen, eta abokatuok ez dituztela inoiz bisitatu ETAtik aldendu diren eta Langraitzeko espetxean (Araba) dauden presoak.

Ustezko delitu horiengatik Goioaga epaitu zutela eta errugabetzat jo zutela jasotzen du Colmenerok bere autoan, baina zehazten du epaitutako gertaerak 2010. urtea baino lehenagokoak zirela, eta orain 2010etik aurrerakoak hartu dituela aintzat. «2010 aurretik ETAko kide ez izateak ez du esan nahi geroago erakunde horretan sartu ez zenik», azaldu du epaileak autoan. Orduko hartan, bi urte eman zuen Goioagak espetxean, eta epaiketan absolbitu bazuten ere, ez zuen inolako kalte-ordaindik jaso.

Espainiako Senatuaren kide izanik, erakunde horren baimena behar zuen Auzitegi Gorenak Goioaga auzipetu ahal izateko. Joan den martxoaren 15ean eman zuen Senatuaren osoko bilkurak horretarako oniritzia. EH Bildu eta ERC kontra agertu ziren, Goioagaren kontrako froga bakarra presoen abokatu gisa egiten duen lan arrunta dela iritzita.

«Jazarpen politikoa»

EH Bilduk gogor salatu du Iñaki Goioaga auzipetzeko erabakia. Koalizioaren legebiltzarkide Julen Arzuagak esan du Goioagak «jazarpen politikoa» pairatzen duela, eta horren atzean arrazoi politiko eta ideologikoak daudela, akusazioak ez baitu «ez hankarik ez bururik».

Arzuagak uste du Goioagari egozten zaizkionak ez direla delitu, «euskal presoei laguntza juridikoa, medikoa, soziala eta ekonomikoa ematea» baino ez diotelako leporatzen, «hau da, abokatu gisa aritzea».

Arzuagaren aburuz, Auzitegi Gorenak Goioaga auzipetzea erabaki du «badena izateagatik, ordezkatzen duenagatik, dituen ardura politiko eta juridikoengatik». Horregatik «jazarpen politiko lotsagarri eta onartezina» dela pentsatzen du. «Kartzelak husteko unea da, baina Espainiako Estatuak horrelako prozesuak abiarazten ditu kartzelak berriro betetzeko», erantsi du.

Goioagaren abokatu Jone Goirizelaiak, berriz, iragarri du helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Gorenaren erabakiaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.