Espainiako Auzitegi Gorenak auzibidea abiatuko du Iñaki Goioaga abokatu eta senatariaren aurka. Espainiako Gorteetan Amaiur koalizioko hautetsia izanik, eta foruduna, auzitegi horri dagokio hura epaitzea. Goioagaren auzia Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. epaitegiaren 11/2013 sumarioan dago. Euskal gatazkarekin loturiko kasuetan abokatu lana egiten duten hainbat profesionalen jarduna ikertzen ari da Eloy Velasco epailea. Hark egin dio Goioaga inputatzeko eskaera Gorenari, eta hango Zigor Salak bere gain hartu du. Miguel Colmenero epaileak hartuko du Goioagaren partearen instrukzioa.
Presoen eskubideak epaitegietan defendatzeagatik, ETAko kide izatea leporatzen dio Goioagari fiskaltzak. Erakunde horren aginduak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideei helaraztea egozten dio, zehazki. Baita zerga iraultza deiturikoan bitartekari aritzeagatik, terrorismoa finantzatzea ere; eta beste delitu ekonomiko batzuk: dirua zuritzea eta Ogasunari eta Gizarte Segurantzari iruzur egitea.
Sumario horrekin lotuta, urtarrilaren 12an hamabi abokatu atxilotu zituzten, baina ez Goioaga, orduan hura ere inputatu zuten arren. Beste operazio baten jarraipena izan zen hori. Urtebete lehenago, Jon Enparantza eta Arantza Zulueta abokatuak atxilotu zituzten, presoen eskubideen defentsan aritzen diren profesional eta taldeen aurkako beste operazio batean. Bi abokatu horiek urtebete lehenago ere atxilotu zituzten, Iker Sarriegi lankidearekin batera, eta antzeko akusazioengatik. Zulueta eta Enparantza preso daude oraindik, behin-behinean, epaiketaren zain.
Goioaga ere egona da espetxean, ia bi urtez. 2009ko ekainean atxilotu zuten, ustez preso batzuk kartzelatik ihes egiteko eginiko plan batekin lotuta. Orduan ere leporatu zioten ETAko kide izatea: bitartekari lanak egitea ETAren eta presoen artean. Akusazio guztietatik absolbitu egin zuten, froga faltagatik, 2012an. Baina Eusko Legebiltzarrak senatari izendatu eta gutxira, 2013an, hura berriz auzipetzeko eskatu zuen fiskaltzak, ETAko kide ohi batek blog batean eginiko salaketa batean oinarrituta.
Abokatuen sumarioa Fernando Grande-Marlaska epaileak abiatu zuen, instrukzio epaitegi horretako epaile zenean, 2008an, Xabier Lopez Peña ETAko kide zenari ustez atzemandako agiri batzuetan oinarrituta.
«Jazarpen politikoa»
Goioagak komunikabideen bidez izan zuen atzo haren inputazioaren berri, Espainiako Senatuko korridoreetan kazetariei beraiei aitortu zienez. Haren aurka fiskaltzak eginiko akusazio guztiakfaltsuak direla adierazi du, eta Gorenak egin nahiko lituzkeen «argitze edo deklarazio hartze» guztietan parte hartzeko prestasuna agertu du. Abokatu eta senatariak argi du ezker abertzalearen aurkako «jazarpen ideologiko eta politikoaren» emaitza dela haren eta haren lankideen aurkako auzia, eta «harro» azaldu da euskal presoen eskubideen alde eginiko lanarekin. ,
Goioaga abokatu eta senataria auzitara eraman du Gorenak
Abokatuen aurkako sumarioan ari dira ikertzen, baina, foruduna denez, ezin du Auzitegi Nazionalak epaitu.Presoei ETAren aginduak helaraztea egozten diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu