AHTaren aurkako Goierriko plataformak «gehiengoarentzako» moduko tren zerbitzua eskatu du

Eider Mendoza diputatu nagusiak Ezkio-Itsasoko loturaren inguruan esandakoen harira, ohar bat atera du taldeak, eta adierazi egungo tren zerbitzuak «hobetzearen eta modernizatzearen» alde egin behar dela, ez tren lasterraren alde.

Tren lasterraren geltokia egiteko lanak, Ezkio-Itsason. GOTZON ARANBURU / FOKU
Tren lasterraren geltokia egiteko lanak, Ezkio-Itsason. GOTZON ARANBURU / FOKU
arantxa iraola
2024ko uztailaren 27a
14:00
Entzun

Ohar bat plazaratu dute Goierriko AHTrik Ez plataformako kideek. Berriki, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak hizpide izan du tren lasterraren euskal Y egitasmoa, eta plataformakoek haren esanei erantzun nahi izan diote. Joan den astean Espainiako Garraio ministro Oscar Puentek egindako adierazpen batzuen harira mintzatu zen ahaldun nagusia abiadura handiko trenari buruz. Izan ere, Espainiako Gobernuko ordezkariak, azpiegiturak Nafarroarekin izango duen loturari buruz egindako adierazpen batzuetan, auzitan jarri zuen konexio hori Gipuzkoan egitea, Ezkio-Itsason, eta Gasteizeko aukeraren alde egin zuen. Erantzun gisara, Mendozak argudiatu zuen Goierri eskualdeak eta Gipuzkoa osoak abiadura handiko trena eta haren geltokia behar dituztela. Plataformako kideen arabera, ordea, «gehiengoarentzako» moduko tren zerbitzua behar da eskualdean, eta tren lasterrak ez du bermatuko halakorik.

«Egunero zerbitzu ona eta eraginkorra emango duen garraio publikoa behar dugu», azaldu dute oharrean. Instituzioei, hain justu, eskatu diete horren alde egiteko, eta gogorarazi badela zeregina hor. Izan ere, Renfeko trenen erabiltzaileek arazo handiak dituzte, besteak beste tren lasterraren ondoriozko obrengatik. Zerbitzuak arazo ugari dituela kontatu dute: «Azkenaldian erdira murriztu dizkigute trenak, zenbaitetan ordutegiak ez dira betetzen, oraindik gaur egun hainbat tren geltokitan ez dago trenbide azpiko pasabiderik, eta trenen irisgarritasuna oso txarra da».

Beraz, diputatu nagusiari esan diote zerbitzu hori hobetzea izan beharko lukeela jomuga. Ororen buruan, gogoratu dute trena herritarrentzat «eraginkorra, bidezkoa eta jasangarria» izatea lehenetsi behar dela. Horretan aurrera egite aldera, egungo zerbitzuak «hobetu eta modernizatu» egin behar dira, haien esanetan.

Bestalde, bereziki nabarmendu dute tren lasterraren Ezkio-Itsasoko loturak zer-nolako kalteak eragingo dituen ingurumenean. «Nahiz eta lotura horren zati handi bat tunel bidez egin, mantentze lanetarako, larrialdietarako eta bestelako zerbitzuetarako tunel eta sarbide berriak beharko lituzke, eta horietara iristeko errepideak eta eraikuntza lanetan desplazaturiko materialak pilatzeko hondakindegiak», ohartarazi dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.