«Indarkeriaren eta terrorismoaren biktimekin gogoratzeko da Memoriaren Eguna, ahaztu ez ditugula esateko». Donostiako alkate Eneko Goiak igandean izango den Memoriaren Egunari erreparatu dio gaur, udalak antolatu duen lore eskaintzan eta elkarretaratze isilean. Udaleko alderdi politiko guztiek parte hartu dute Alderdi Ederreko lorategietan egindako oroimen ekitaldian. Goiaren arabera, «garrantzitsua da egitea memoria ariketa bat eta biktimentzako justiziaren eta erreparazioaren erreibindikazioa, baina ez iraganari begiratzeko besterik gabe, baizik eta iraganaren lezioek etorkizun hobea edukitzeko balio digutelako».
Goia gustura azaldu da Donostiako udalbatzako alderdi guztietako ordezkariak egon direlako ekitaldian: «Oso harro nago». Igandean izango da Memoriaren Eguna, eta ordurako prestatu dituzten ekitaldi guztietan ez da batasun hori bera islatuko. Eusko Legebiltzarrean, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea izango ditu buru ekitaldiak.
PP eta Vox ez
Azken urteetan, PPko ordezkariak ez dira egon legebiltzarreko oroimen ekitaldian, bertan «bakarrik terrorismoaren biktimak» gogoratu beharko liratekeela uste dutelako. Vox ere ez da izango. Horiek salbu, beste alderdi guztiak izango dira legebiltzarreko ekitaldian. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutukoak antolatutako ekitaldian izango dira ondoren ordezkari politikoak, Villasuso jauregian; gaur egun PSE-EEren esku dago Gogora.
Espainiako Gobernu Ordezkaritzak, berriz, bihar bertan egingo du bere ekitaldia, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroarekin batera deituta, Gasteizko Gamarrako Atarian. Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu Maria Jesus San Jose Gogora institutua Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroarekin lerrokatzeko saioan da, baina aurten, behintzat, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza bakoitza bere aldetik ariko dira Memoriaren Egunean. PPk eta Gasteizko Udalak, Maider Etxebarria alkate sozialista buru dela, bat egin dute ekitaldi horrekin.
Bestalde, Etxerat-ek ere Eusko Legebiltzarretik gertu (Loma Jeneralaren plaza) deitu du ekitaldi politikora, baina igandean izango da, «salbuespen politikak eraildako biktimak gogoan».