PSE-EEk eta PPk «porrot» gisa definitu badituzte ere, igandean estatus politikoari eta erabakitzeko eskubideari buruz Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan (Bizkaia) eginiko galdeketek zeresana ematen jarraitu dute bozkalekuak itxi eta 48 ordura. Emaitzen neurriari buruzko eztabaida EAJn bertan islatu da, alderdiko ordezkari politiko ugarik eginiko adierazpen ezberdinen bitartez.
Eneko Goia Donostiako alkateak, esaterako, eskatu du botoa eman zuen jende kopurua ez gutxiesteko: «Parte hartzea handiagoa izatea gustatuko litzaidake, baina galdeketaren parte hartzea ez da gutxietsi behar». Goiak berak botoa eman zuen, eta adibide bat jarri du, egitasmoak lortutako babesaren neurri gisa: «21.000 pertsonako manifestazio bat Donostian esanguratsua irudituko litzaiguke. Beraz, kontuan hartzekoa da». Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, Goiak azpimarratu zuen «beste eskaera modu batzuk bezalako eskaera demokratiko baten aldarrikapena» dela galdeketa.
Donostiako galdeketak kexa gurutzatuak eragin ditu udal gobernua osatzen duten bi taldeen artean. Izan ere, Ernesto Gasco alkateorde eta PSE-EEko alkategaiak Goia kritikatu zuen, «hain berme eskaseko» kontsulta batean parte hartzeagatik. Atzo erantzun zion Goiak: «Berak dauka arazoa, ez nik. Ez dut ulertzen horrelako jokaerarik. Gizarte demokratiko batean norberak bere ideiak izateak eta era baketsu zein demokratikoan babesteak ez luke inoren haserrea sortu beharko». Gainera, balioetsi egin zuen Jose Antonio Santano Irungo alkateak galdeketarekiko azaldutako jarrera: «Berak ez du parte hartu, baina errespetua adierazi du horrelako egitasmo baten aurrean. Hori da jokabide zuzena».
Gasco atzo mintzatu zen berriro galdeketaren eta Goiak parte hartu izanaren inguruan. Haren ustez, alkateak hausnartu beharra dauka igandean botoa emanez «jokatzen ari den rolaz», eta gaineratu zuen «Urkulluren EAJ» dela Goiari «kargu hartu» diona: «EAJ bera kezkatuta dago igandean Donostian gertatu zenaz».
Izan ere, Goiarena izan da EAJko ordezkari politikoen izenean zabaldutako balorazioetako bat, baina ez bakarra. Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketa batean, Koldo Mediavilla Euzkadi Buru Batzarreko kide eta EAJren Politika Instituzionaleko buruak «autokritika» egiteko eskatu zion Gure Esku Dago-ri: « Garrantzitsua da %13k parte hartzea, baina gure ikuspegitik, ez gaitu asetzen erabakitzeko eskubidea eta herrialdearen etorkizuna bezalako gai pasionalez ari garenean». Ildo horretan, alderdiak ez dio gizarte mugimenduari «erantzukizunik» eskatuko, baina bai «autokonplazentzia gutxiago izatea eta serioago hartzea bakoitzak hartzen dituen erabakiak».
28.704 lagunek hartu zuten parte igandeko bost galdeketetan (%12,46), eta, horiek orain artekoei batuta, 218.248 herritar dira 2014az geroztik Euskal Herriko 209 herritan estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruzko herri galdeketetan parte hartu dutenak. Gipuzkoako hiriburuan, 21.021 herritar izan ziren botoa ematera joandakoak; horretarako eskubidea zutenen %13.
PP, EAJri ardura eske
Gure Esku Dago-ri bainoago, EAJri eskatu dio autokritika Borja Senper PPko Gipuzkoako presidenteak; bere posizio politikoa zuzen dezala galdegin die jeltzaleei, «eta galdeketen porrotean dagokien erantzukizuna beren gain har dezatela». Senperren esanetan, EAJk ezin du «beste alde batera begiratu», iritzita «Gipuzkoako erakundeetako buruzagi nagusiek» eman dietela «bultzada politikoa eta proiekzio publikoa» galdeketei. Halaber, Senperrek nabarmendu duenez, galdeketek agerian utzi dute kalean ez dagoela «EAJ bere diskurtsoetan zabaltzen saiatzen ari den grin soziala», eta frogatzen dute EAJko buruzagiak «herritarren benetako errealitatetik zeinen urrun» dauden.
Eusko Alkartasunak, berriz, eskerrak eman dizkie GEDi, Donostiako galdeketa sustatu duen taldeari eta boluntario lanetan aritutako herritarrei, «gizarte demokratiko eta askeago bat lortzeko egindako lanagatik». Parte hartutako jende kopuruari dagokionez, EAk nabarmendu du «munta handikoa» izan zela, «gizartetik sortu eta loteslea ez den dinamika bat» dela aintzat hartuta. Era berean, uste du igandeko kontsulta «ibilibide luze batean eman beharreko pauso bat» izan dela: «EAk erabakitzearen alde egiten du, hobeto bizitzeko erabakitzearen alde, eta oinarrizko xede hau erdiesteko lan egiten duen pertsona orori babesa adierazten dio, betiere bide demokratikoak bakarrik erabiltzen badira».
Goia: «Emaitzak ez dira gutxietsi behar»
Donostiako udal gobernuan talka eragin du igandeko galdeketak. EAJk «autokritika» egiteko eskatu dio Gure Esku Dago-ri. PPk EAJri esan dio «dagokion erantzukizuna» bere gain har dezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu