REE Red Electrica de Españak jakinarazi du Itsaso (Gipuzkoa) eta Castejon-Muru Artederreta (Nafarroa) lotuko dituen «autobide elektriko» bat eraiki nahi duela, eta parte-hartze prozesu publiko bat abiatuko duela ibilbidea erabakitzeko. 400 kilovolteko linea bat izango da, eta Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioaren 2015-2020 Energia Plangintzan sartuta dago. Autopista Elektrikorik Ez plataformak salatu du iaz bertan behera utzi zuten Itsaso eta Deikaztelu (Nafarroa) arteko linearen proiektu bera dela, eta parte-hartze prozesuan erabaki ahal izango den gauza bakarra bidea izango dela.
«Orain dela urtebete goi tentsioko linearen proiektua alde batera utzi zutela ospatu genuen. REEk, ordea, kaltetuak errespetatu gabe, proiektua hirugarren aldiz martxan jarri nahi du orain». Alberto Frias Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozeramailearenak dira hitzak. Hain zuzen, talde horrek salatu du Itsaso eta Castejon-Muru Artederreta artean eraiki nahi duten linea hori 2007tik egin nahian dabiltzan proiektu bera dela.
2007an, REEk Gasteiz eta Castejon-Muru Artederreta lotzeko proiektua abiatu zuen, eta hiru urteren ostean bertan behera utzi zuen, «ingurumen eraginarengatik eta gizartea aurka egoteagatik». Ondoren, 2011n, linea horren bigarren bertsioa aurkeztu zuten, Itsaso eta Deikaztelu artekoa. Hori ere alde batera utzi zuten iazko apirilean. Gizartearen gaitzespena nabarmena izan zen: 15.000 alegazio aurkeztu zituzten, eta 250 udal eta kontzejutan kontrako mozioak onartu zituzten.
REEk oraindik ez du jakinarazi zeintzuk izango diren proposatuko dituen ibilbideak, baina kaltetutako eskualdeak Itsaso-Deikaztelu proiektuaren berberak izango direla ziurtatu du Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozeramaileak. «Aurreikuspenen arabera, Urbasa-Andia, Aralar eta Aizkorri artetik igaroko da linea», azpimarratu du. Natura 2000 Sarean babestutako eremuak dira horiek.
Plataformak erantsi duenez, Itsaso eta Deikaztelu arteko linea eraiki nahi zutenean, REEren zein Nafarroako Gobernuaren argudio nagusia zen eremu horren energia beharrizanak hornitzeko baliagarria izango zela; bereziki Lizarrerriko herri batzuetakoak. Baina Friasek jakinarazi duenez, oraingoan zona hori ikerketa eremutik kendu dute: «Deikazteluko azpiestazioa ez da egitasmoan sartuta egongo; hori da aldatu den gauza bakarra». Hori dela eta, esan du linea eraikitzeko justifikaziorik ez dagoela: «Linea horniduraren izenean justifikatzen zutenen argudioak erori egin dira».
Bestalde, Friasek adierazi du REEren dokumentu bat jaso dutela, egitasmoa martxan jartzeko argudioak ematen dituena: «Oraingoan justifikazioa termino makroekonomikoetan oinarritzen da, ez da datu errealetan oinarritzen, eta ez du zerikusirik eskualdeen beharrizanekin». Hamar urteotan proiektu beraren bertsio ezberdinak aurkeztu dituztela eta arrazoiak «unearen arabera» moldatu dituztela salatu du.
Gutxi dago erabakitzeko
Parte-hartze prozesuari dagokionez, datozen asteetan batzarrak egingo dituzte Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait herritan. Herritarrei hainbat ibilbide proposamen aurkeztuko dizkiete, eta haiek aukeratu ahal izango dute horien artean egokiena iruditzen zaiena. Lehenengo batzarra gaur izango da.
Goi tentsioko linearen aurkakoek salatu dute ez dela aukerarik egongo linearen beharraz eztabaidatzeko, soilik ibilbidea egongo dela eztabaidagai. Hortaz, prozesua «burlatzat» jo dute. «Eztabaida ezin da izan zein herri zigortzen ditugun eta zein libratzen ditugun; hori tranpa bat da, inposizio bat estaltzeko helburua duena».
Azkenik, haien jarrera zehaztu dezatela eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari: «Tokian tokiko instituzioen alde jar daitezela, eta ez enpresa elektrikoen monopolioaren alde».
Goi tentsioko linea berri bat egin nahi dute
REEk parte-hartze prozesu bat egingo du «autobide elektriko» bat eraikitzeko Itsaso eta Castejon-Muru Artederreta artean. Iaz atzera bota zuten proiektu bera dela salatu dute linearen aurkakoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu